Gure asmoak

Elkartearen helburu nagusiak hauexek dira:

  • Deba Ibarreko euskaltzaleak batuko dituen gunea osatzea, indarrak batu eta denon artean emaitza hobeak lortu ahal izateko.
  • Gure berbeta prestijiatzea eta konplexuak baztertzea. Euskalkiaren erabilera bultzatzea eta handitzea. Betiere, euskara batuak bere lekua eta funtzioa duela garbi izanda.
  • Corpusa batzea eta estandarrean bere lekua izan dezala ziurtatzea.
  • Gure herrietako hizkerak aztertuz eta indartuz, euskara bera sendotu eta aberastea.
  • Statusaren inguruan transmisio naturala eta kulturala bultzatzea. Belaunaldi berrien lekukoa hartzea, transmisioa ziurtatzea eta erabilera esparruak finkatzea eta zabaltzea.
  • Itxura eta helburu antzekoak dituzten elkarteekin osagarritasuna eta elkarlana bideratzea, sinergiak sortzea.

Goiko helburuak betetzeko, eskualdeko berbeta aztertzeko eta bultzatzeko beharra ikusi dugu. Elkarte hau aurreko guztia gauzatzeko egin beharrekoak bideratzeko asmoarekin jaio da. Hiru urteko bizi labur honetan, hainbat ekintza gauzatu ditugu, eta erreferentzia bilakatu da Deba Ibarrean. Eskualdeko euskaltzaleen bilgune da (filologoak, itzultzaileak, irakasleak, idazleak...), bailarako euskara elkarteekin ere hartu-eman zuzena du, eta eskualdeko udaletxe guztiekin izenpetu du lankidetza hitzarmena (17 udal: Gipuzkoako Mutriku, Deba, Mendaro, Elgoibar, Eibar, Elgeta, Soraluze, Bergara, Arrasate, Antzuola, Oņati, Aretxabaleta, Eskoriatza, eta Gatzaga; Bizkaiko Mailabia eta Ermua; eta Arabako Aramaio).

Badiharduguk hainbat ekintza eta lan gauzatu ditu bere sorreratik: hitzaldiak, mahai-inguruak, aholkularitza elkarte eta udalei, euskalkien inguruko ikerketak, bi liburu (Deba Ibarretik euskararen herrira, 2002; Berbeta Berua, 2003) eta hirugarren bat bidean, bilketa bibliografikoa, Durangoko liburu azokan mahaia ipintzen du urtero (bailara osoko liburuekin), eta abar. Hala ere, gaur egungo gizartearen ohiturak ikusita, teknologia berrien eraginkortasuna ezagututa, eta gure helburuen artean garrantzitsuenetakoa gazteenengana iristea izanik, hasieratik pentsatu genuen derrigorrezkoa zela Badihardugu sarean izatea, bere lana azaltzeko webgune bat antolatuz.