« Itzuli albistegira

"Lan eta lan, emakumea Bergaran" liburua aurkeztuko da larunbatean

2014-02-25  ¦  Argitalpenak

Bergarako emakumea eta lana. Horixe da Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak eta Juan Martin Elexpuruk aztertu duten gaia. Larunbat eguerdian liburua eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko dituzte Bergaran.

"Lan eta lan, emakumea Bergaran". XX. mendearen lehen erdian Bergarako emakumearen bizimodua nolakoa zen aztertu dute Elexpuruk eta Etxeberriak. Duela ia bi urte hasi ziren azterlanarekin, Bergarako Udalaren I. Berdintasun planaren bitartez. 270 orriko liburu mardula aurkeztuko dute zapatuan, Bergarako udaletxeko pleno aretoan, eguerdiko 12:00etan. Eta liburuarekin batera, baita izen bereko ikus-entzunezkoa ere.

Ahotsak.com proiektuan jasotako testigantzak dira liburuaren bizkarrezurra. Bergaran emakume asko zeuden elkarrizketatuta, eta Badiharduguko kideek grabazio horien hustuketa egin zuten lehenengo. Emakume haiek lanarekin lotuta zer zioten begiratu, eta pasarte interesgarriak transkribatu. Ondoren, Bergarako beste bederatzi emakume elkarrizketatu zituzten, lanarekin lotuta, haiek ere. Emakumeen bizipenetan oinarritutako liburua da, beraz. Hori bai, beste hainbat dokumentu, agiri eta liburu ere erabili dituzte lana osatzeko, Bergarako artxibokoak bereziki. Eta argazkiek ere pisu handia dute liburuan ezinbestekoak direlako emakume haiek zein izan ziren jakiteko edo sasoi bateko bizimodua irudikatzeko.

60tik gora lagunen testigantzak datoz liburuan; gehienak emakumezkoak dira. Bi dira atal nagusiak: mende hasieran nesken ohiko ikasketak zein ziren aletzen da lehen zatian. Bigarrenean, berriz, Bergarako emakumeen lanbideen berri ematen da. Ehungintzako langileak, jostunak, zerbitzariak, erizainak, emaginak, maistrak, bulegariak, tabernariak, dendariak, baserritarrak... ogibide ugarirekin lotutako xehetasunak jaso dituzte. Liburuan badira beste atal batzuk ere: politika eta gerra, lana eta familia, lana eta asia, erlijioa eta artea (antzerkia, musika, dantza...).

Ikus-entzunezkoa liburuaren laburpen modukoa da, Bergarako lanbide nagusiei eta lan baldintzei buruzkoa. 30 minutuko iraupena du; hainbat emakumeren testigantzak bildu dituzte bertan eta argazkiekin jantzi dute hau ere. Haizea Odria lankideak egin du bideoaren edizioa. Ikus-entzunezkoaren aurrerapena, hemen.

Liburuan eta ikus-entzunezkoan parte hartu duten emakumeak aurkezpenera gonbidatu ditu Bergarako Udalak, eta haiei omenaldi txiki bat egiteko modua ere izango da. Lan eta lan ibili diren Bergarako emakume guztiei errekonozimendu xumea egiteko aukera.

Liburuaz eta ikus-entzunezkoa plazaratzeaz gainera, argazki erakusketa ere antolatu du Bergarako Udalak, emakumeekin lotutakoa hori ere: Debagoieneko emakumeak gerra zibilean eta frankismoan. Aroztegin jarriko dute erakusketa, eta zabalik egongo da martxoaren 7tik 24ra bitartean.

Argazkia: Escuela del Hogarreko ikasleak, josten ikasten, XX. mendearen hasieran. Bergarako Udal Artxiboa, L. M. Lonbide.