Albisteak

2023-09-19

Lagundu Ahotsak.eus-i Iparraldeko ahots gehiago sareratzen

Euskal Herriko ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak proiektuaren helburua. Euskal Herri osoko hainbat lekukotasun batu eta sareratu ditugu dagoeneko, baina lanean jarraitu nahi dugu. Ipar Euskal Herriko euskararen doinuak bildu eta sareratu asmoz, GARA-GIRA proiektua aurkeztu dugu Gipuzkoa64 dirulaguntzetara, Amikuzeko Zabalik elkartearekin batera. Lehenengo fasea gainditu dugun arren, orain zure laguntza behar dugu! Sartu eta bozkatu!

2023-07-27

Euskal Herriko I. Hika Topaketa izango da Oñatin, azaroan

Hitanoa bultzatzen ari diren eragileak batu eta elkarlanerako bideak aztertzea da I. Hika Topaketaren helburua. Azaroaren 10ean izango da, Oñatin. Izen-ematea udazkenean zabalduko da.

2023-07-11

Ahotsak-eko elkarrizketa bertso-sorta bihurtu du Jon Gurrutxagak

Ekainaren 22an banatu zituzten Azkoitiko II. Hike eizan! bertsopaper lehiaketako sariak. Helduen kategorian bigarren saria lortu zuen Jon Gurrutxagak Urrategi auzoko Aurora Artetxeri eta Pilar Larrañagari Ahotsak.eus-erako egindako elkarrizketa erabili zuen bertso-sorta egiteko oinarri gisa.

2023-06-30

Ahotsak proiekturako elkarrizketak, Geuretik Sortuak bekarako inspirazio

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekarekin Ataunen eta Zaldibian egon da Idoia Etxeberria Badiharduguko kidea, eta 17 herritar elkarrizketatu ditu, idatziko duen narraziorako inspirazio-iturri gisa. Grabazioak Ahotsak.eus eta 101 Ele proiektuetan jasota geratu dira, Ataunen eta Zaldibian.

2023-05-15

Larunbatean Hika Eguna ospatu zuten Oñatin, jai giroan hika praktikatzeko

Oñatiko Ingo Xonau! taldeak Hika Eguna antolatu zuen Oñatin larunbatean. Hika-poteoa, hika-bazkaria eta Eingo taldearekin kale-erromeria izan ziren, eta giro ederra sortu zen.

2023-03-28

Saturrarango kartzelan bizitakoen inguruko "La maleta de mi madre" liburuaren aurkezpena gaur Mutrikun

Saturraran Elkarteak gonbidatuta, La maleta de mi madre bere lehen liburuaren aurkezpena egingo du Christine Martínez-Médalek gaur, martxoaren 28an, Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean. Bere amak Saturrarango kartzelan bizitako egoera lazgarriak kontatzen ditu liburuan.

2023-03-02

Sortzailea emakumea denean gertatzen denaz hausnartzeko saioa Donostiako Emakumeen Etxean, asteartean

Donostiako Emakumeen Etxean "Emakumeak kulturgintzan" izeneko saioa antolatu dugu Badihardugu euskara elkartetik: bideo-emanaldia eta solasaldia. Martxoaren 7an izango da, 18:30ean, eta hiru bideo ikusteko aukera egongo da, hiru alorrekin lotuta: musikagintza, bertsolaritza eta literatura.

2023-02-01

Appa hi! aplikazioak 5000 deskarga izan ditu dagoeneko

Iaz aurkeztu genuen Appa hi! hika ikasteko aplikazioa. Oñatirako bertsioa aurkeztu genuen lehenbizi eta 2022ko Durangoko Azokan, berriz, euskara batuko bertsioa jarri genuen eskuragarri. 5000 deskarga izan ditu aplikazioak dagoeneko eta nabaria da hitanoaren inguruko interesa. Gure aldetik, beste hainbat herritako bertsioak sortzeko lanean jarraituko dugu!

2022-12-27

Appa hi!, hitanoa ikasteko eta praktikatzeko aplikazioa, doan zure mugikorrerako

Hitanoa, alokutiboa, toka, noka... ez dakizula zer diren? Edo etxean jaso duzu oinarriren bat, baina ez duzu hitz egiteko ohiturarik? Oraintxe duzu aukera hori guztia oso modu errazean praktikatzeko eta ikasteko, baita hutsetik hasita ere, Appa hi! aplikazioari esker. Bost astean, zailtasunik gabe, hitanoaren oinarrizko egitura guztiak eskainiko dizkizugu eta, galdera-erantzun bidez, hika hitz egiten hasteko behar adina erreminta izango duzu.

2022-12-23

Leitzako hitanoa jasotzen duen liburua aurkeztu dute, "hiketan ikasteko"

Hika eta noka. Noka ere toka! izeneko liburua aurkeztu zuten atzo arratsaldean, Leitzako Herri Aretoan. Fernando Oiartzunek Leitzako hiketari buruz egindako lana da, "hiketan ikasteko eta herria hobeki ezagutzeko" aukera ematen duena.

2022-12-22

Elbira Zipitria andereñoa gogoan, 40. urteurrenean

Abenduaren 26an 40 urte beteko dira Elbira Zipitria andereño ezaguna hil zenetik, eta Elbira izeneko dokumentala aurkeztuko dute Donostiako Kursaalean. Guk Ahotsak.eus egitasmoan jasotako testigantzekin Zipitriari buruz egin genituen ikus-entzunezkoa eta ibilbidea ere herritar guztien eskura daude.

2022-12-07

Euskalgintzari buruzko erakusketa Bergaran, abenduaren 9tik aurrera

Izotz ondoko eguzki erakusketa antolatu dute Bergaran, Aroztegi aretoan, abenduaren 9tik 25era, Euskararen historia soziala Bergaran egitasmoaren barruan. 1940-1980 urteen bitartean Bergaran euskalgintzan izandako mugimendua jasotzen du. Etzi izango da aurkezpen-ekitaldia, 18:00etan. Badihardugu elkarteak prestatu du erakusketan erakutsiko den ikus-entzunezkoa. 

Albiste zaharragoak »