Gazteak

Berbeta Berua

Badihardugu Elkartearen kezka nagusienetako bat izan dira gazte-hizkera eta lagunarteko berbeta, hasiera-hasieratik. Nola lortu gazteek euskara erabiltzea? Zer egin euren hizkera propioa sor dezaten? Nola eragin gazteengan?

Kezka horrek bultzatuta, Berbeta berua lana kaleratu genuen 2003an. Oso harrera ona izan zuen gazte-hizkerako hainbat berba batzen dituen liburuxkak eta zenbait urteren buruan agortu egin zen. Hala ere, interesa duenak pdf-a jaisteko aukera du hemen.

Gazte Gara Gazte

Urte batzuk geroago, Gazte Gara Gazte izeneko proiektua abiarazi genuen, gazteak, aisialdia eta euskara lotzen dituen proiektua. Euskal Herri osoko hainbat gazteri elkarrizketak egin dizkiegu, batez ere bi gai lantzeko: aisialdia eta hizkuntza. Nola bizi dute aisialdia gazteenek? Nola aldatu dira ohiturak azken urteotan? Zer zaletasun dituzte? Eta euren aisialdian zer leku dauka euskarak? Nola uztartzen dituzte euskara eta erdarak? Guzti horren inguruko lekukotasunak jaso eta Gazte Gara Gazte webgunean zintzilikatu ditugu. Gainera, gazteen testigantzak ardatz hartuta, gaikako hainbat bideo editatu ditugu, gazteentzat eurentzat interesekoak izango direlakoan. Ikus BIDEOTEKA.


Gazte hiztegia

Berbeta Berua lana agortuta zegoela jakinda eta gazte-hizkera nolabait indartu beharra zegoela ikusita, gazte-hizkeraren hiztegia osatzen hasi ginen on-line. Hiztegi horretan lagunarteko hizkerako berbak, esaerak eta espresioak batu ditugu. Bi iturri desberdin erabili ditugu hiztegia osatzerakoan: batetik, dagoeneko bilduta zegoena aztertu dugu (gai honen inguruko argitalpen desberdinak kontsultatu ditugu); eta, bestetik, gazteei egindako elkarrizketa eta inkestetan batutako hitzak jaso ditugu.

Orain arte egindako bilketa-lanei dagokienez, Berbeta berua liburuko hiztegia (A. Telleria, Badihardugu Elkartea 2003) izan da oinarri gisa erabili duguna, baina beste hainbat argitalpenetatik ere jaso ditugu berbak eta esamoldeak (Bermeoko esakerak, Busturialdeko esakerak, Azkoittiko euskerie, Berbeteari gatza eta piperra, Zestoako hizkera, ...).

Ahozko iturriei dagokienez, Euskal Herri osoko hainbat gazteri inkestak pasa dizkiegu. Inkestetan alor desberdinak zehaztu dira eta euren lagunartean erabiltzen dituzten formak adierazteko eskatu diegu. Bildutako emaitzak bistaratzen ari gara pixkanaka. Hasiera batean 60 inkestatik gora bildu genituen eta oraindik ere berbak jasotzen jarraitzen dugu. Norbaitek lagunartean inkesta horiek betetzeko aukera edo nahia izango balu, eska ditzala eta bidaliko dizkiogu. Hiztegian bertan ere badago ekarpenak egiteko aukera.

Proiektua ez dago geldirik eta egunetik egunera gehitzen dira hitz berriak. Zuk ere ekarpenen bat egin nahi baduzu, aurrera!