« Itzuli albistegira

Euskal Herri osoko euskaltzaleen Topa Eguna ospatuko da Soraluzen

2013-09-27  ¦  elkartea

Bihar, larunbata, 2013ko Topa Eguna ospatuko da Soraluzen eta Euskal Herri osoko euskaltzaleak batuko dira herrian.

Euskaltzaleen Topagunea Euskal Herri osoan barrena zabaldurik dauden 90 euskara elkartek, eta hauetako bazkide diren hogei mila euskaltzalek baino gehiagok osatzen dute. Soraluzeko Pil-pilean Euskara Elkartea ere Topaguneko kidea da bere 330 bazkideekin. Aurten berari egokitu zaio Topa Eguna antolatzea eta herriko beste zenbait elkarte eta eragileren laguntza izan du horretarako.

Egitarau zabala eta adin guztietarako aproposa prestatu dute larunbaterako. Eguneko ekitaldi nagusia arratsaldeko seietatik aurrera egingo da eta bertan Euskal Herri osoko euskaltzaleen topaguneetako ordezkariek parte hartuko dute. Horretaz gain, aisialdiko eskaintza (umeen hiria, hezitzaileen jolasak, berbaprobak, Irrien Lagunak,), kultur eskaintza (Xero Xiette taldearen erromeria, Kokein eta Gose taldeen kontzertua, bertsolariak, andrabanda feminista,) eta herri bazkaria antolatu dira. Gainera, Jon Sarasuak irailaren bukaeran argitaratuko duen liburu berriaren aurkezpena egingo du Kultur Etxean.

Herriko Xero Xiette taldeak prestatu du Topa Eguneko kantua. Entzun, gozatu eta ikasi! merezi du eta! Kantuaren letra, egitarau osoa edo bazkarirako txartelak eskuratu nahi izanez gero, jo Topagunearen webgunera.

Antolatzaileek dioten moduan: Alkar topatu eta egin deigun Tooooooooooooopa!