Euskal Herriko Ahotsak

Proiektuaren hasiera: Deba Ibarreko Ahotsak

Badiharduguk 2002. urte inguruan Deba Eskualdeko Ahozko Ondarea eta hizkerak jasotzeko proiektu sendo bat ipini zuen martxan: Deba Eskualdeko Ahotsak. Bailarako euskara elkarte eta udalekin elkarlanean, bailarako herrietako kultura tradizionala eta hizkerak jasotzea eta hedatzea zen helburu nagusia. Hau da: ordura arte bailaran egin izan ziren grabazio dialektologiko eta etnografikoak bildu, grabazio berriak egin (bideoz, euskarri digitalean), jasotako guztia landu, gorde eta hedatu.

Eskualdean herririk herri jende nagusia elkarrizketatzen, grabazioak lantzen eta informazioa sareratzen ibili ostean, ia konturatu ere egin gabe, proiektua Gipuzkoa osora hedatzen hasi zen. Eta, oharkabean, Euskal Herri osoko proiektu erraldoia bihurtu zen: Euskal Herriko Ahotsak.

Euskal Herriko Ahotsak: Ahotsak.eus

Helburuak

Proiektu honen helburu nagusia Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea da; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea.

Proiektuaren oinarriak 2002-2003 urteetan landu ziren, metodologia, baliabideak eta alderdi teknikoa ezarriz. Ondorengo 3 urteetan, 2004-2007 bitartean, bilketa lana hasi zen eta jasotako materiala lantzen hasi ginen. Hortik aurrera, Ahotsak.eus webgunea atontzen jardun dugu. Webgunea 2008ko apirilaren 16an aurkeztu genuen, baina proiektuak aurrera jarraitzen du, etengabe ari baikara materiala biltzen, lantzen eta datu-basea eguneratzen.

Zenbait datu

Hauek dira proiektu honen ezaugarri azpimarragarrienak:

  • Euskal Herri osoko datuak biltzen ditu.
  • Publikoa eta doakoa da.
  • Proiektu irekia da eta interesa duen orok har dezake parte.
  • Hainbat ikerlari eta proiektu biltzen ditu.
  • Metodologia sistematikoa eta zehatza jarraitzen da.
  • Informazioa herrika eta gaika antolatuta dago.
  • Era guztietako hartzaileak izan ditzake: ikerlariak, ikasleak, zaletuak, senideak... filologoak, historialariak, antropologoak...

Proiektuaren eta webgunearen ardura Badihardugurena da. Hala ere, egitasmo honen asmoa da, Euskal Herriko edozein elkartek eta ikerlarik parte hartu ahal izatea Ahotsak.eus, eta dagoeneko hainbat udal, elkarte eta ikerlarirekin ari gara elkarlanean, denon artean ahalik eta proiektu sendo eta biziena lortu ahal izateko.

Metodologia eta urratsak

Grabazioak berreskuratu

Proiektuaren lehenengo urratsa da, Euskal Herri guztian zehar sakabanatuta dauden zintak berreskuratzea. Horretarako, ahozko ondarea biltzeko lanetan jardun duten bitartekoekin kontaktatu dugu: udaletxeak, euskara elkarteak, ikastetxeak, ikerlariak... Kasu askotan, grabazioak zinta analogikoetan egon ohi dira, eta premia-premiazkoa da lehenbailehen kopiatzea eta euskarri digitalera pasatzea. Kasurik gehienetan, gainera, soinua garbitu egiten da. Audioa bakarrik duten grabazioak CDetan gordetzen dira; bideoen kasuan, DVDetan. Kopiak egin ondoren, originalak jabeari itzultzen zaizkio. Adibide bat jartzearren, webgune honetan biltzen dira, esate baterako, Bergarako lanbide zaharren inguruko liburuetarako egindako grabazioak, Zarauzko euskara jasotzeko 1987an grabatutakoak, Eskoriatzako argazki zaharrak dokumentatzeko egindakoak, Ordiziako euskara aztertzen duen libururako egindakoak, Eibarko mendi-toponimia proiekturako jasotakoak...

Grabazio berriak egin

Grabazio zaharretaz gain, une honetan ere grabazioak egiten ari gara han eta hemen. Azken 4 urteotan egin ditugun grabazio guztiak bideoz egin ditugu. Orain arte Gipuzkoan egin dira grabazio gehienak (orain arte gutxien landu izan den lurraldea zelako), baina dagoeneko gainontzeko lurraldeetan ere hasi gara lanean.

Elkarrizketaren inguruko informazioa datu-basean txertatu

Elkarrizketa bakoitzaren inguruko informazio guztia datu-basean sartzen da. Horretarako:

  • zinta guztiak katalogatu eta etiketatu egiten dira
  • lekukoen datuak jasotzen dira (jaioteguna, biografia laburra, argazkia...
  • elkarrizketatzailearen datuak jasotzen dira
  • elkarrizketaren datuak ere gorde egiten dira (elkarrizketa noiz, non, nola, zergatik... egin den)
  • eta proiektuaren informazioa ere datu-basean sartzen da


Grabazioak landu

Grabazioak luzeak dira (gehienak ordubete ingurukoak) eta bakoitza minutuz minutu laburtzen da 2-4 minutuko "pasarteak" sortuz. Pasarte horietako bakoitzak honako informazioa izaten du laburtze edo kodifikazio lan hori amaitzerakoan: izenburua, pasartearen laburpena, iraupena, gai-kodea eta transkripzioa. Gainera, pasarte bakoitzari lehentasun-maila bat ematen zaio eta horren arabera aukeratzen dira pasarte interesgarrienak Interneten erakusteko. Pasarterik interesgarrien horiek editatu egiten dira, bideo edo soinu artxiboa hartu eta MP3 eta Flash formatura pasatuz.

Ahotsak.eus webgunean kontsultatu daitezkeen zinta eta pasarte guztiak ez daude neurri berean landuta. Batzuetan grabazioaren informazio guztia izango duzu (pasarteak kodifikatuta, gaika antolatuta, bideo-fitxategi eta guzti...); beste batzuetan, zintaren eta hizlariaren oinarrizko informazioa bakarrik aurkituko duzu. Webgunea etengabe ari da eguneratzen.