Euskara eta euskalkiak helburu
Orain dela ia 30 urte, 1990 inguruan, bailara mailako batzar batzuk egin genituen Bergaran, eta hantxe batu ginen Deba eskualdeko euskaltzale batzuk. Helburua gure azpieuskalkian idazteko oinarrizko ortografia arauak zehaztea zen. Orduan, seguru asko planteamendu teorikoak eta, ondorioz, heldutasuna falta zitzaizkigulako, ez zen adostasunik lortu. Hala ere, herri bakoitzak bere bidea egin zuen eta hainbat lan egin ziren ondorengo urteetan. Gutxika-gutxika, denon ahalegin eta jardunaz, herri askotako berbeten doinuak eta koloreak aztertzen eta batzen joan gara (Arrasate, Bergara, Antzuola, Eibar...). Gaur egun gure azpieuskalkiaren corpusa oso ondo ezagutzen dugu; erreferentzia izan gara Euskal Herrian alderdi horretan.
Eskualdeko herri gehienen artean 1999. urte amaieran giltzarri izan zen lana kaleratu zen: Koldo Zuazoren "Deba Ibarreko Euskeria" liburua. Lan horrek eskualdeko herriak euskararen inguruan batzeaz gainera, lehen falta zitzaigun oinarri teorikoa ekarri zigun. Juan Martin Elexpuru eta Fernando Muniozgurenen eskutik ere jaso genituen beste pare bat lantxo eta horien inguruan batu ginen berriz Deba ibarreko euskaltzaleak Eibarren 2000. urteko apirilean.
Oinarri teorikoa badugu, corpusa nahiko sakon jorratu da, idaztarauak ere finkatu dira herri batzuetan, euskalkiak bere bidea hartu du herri-komunikabideen eskutik... Hori guztia ikusita, Deba Ibarreko euskalari batzuek batzeko beharra ikusi eta elkarte bat osatzea pentsatu genuen. Bere helburua, gure azpieuskalkia aztertzea, jorratzea eta herritarren artean zabaltzea da, bide batez euskara bera aberastuz eta indartuz, eta betiere euskalkiaren esparrua eta euskara batuarena osagarri izan behar direla jakinez. Lan ildo nagusia, ahozkotasuna lantzea eta euskararen erabilera ziurtatzea, batez ere gazteengan eraginez.
Horrelaxe jaio zen Badihardugu elkartea, 2000. urtean. Harrezkero, gure herri-hizkeren eta euskararen alde lan egiten jarraitzen dugu. Gauza asko ditugu egiteko, baina poliki bada ere, Badihardugu!