Argitalpenak
Euskalkien eta ahozkotasunaren inguruko argitalpenak
Badihardugu Euskara Elkartearen erronketako bat ahozko euskararen inguruko liburuak argitaratzea izan da hasiera-hasieratik. 1999an lehenengo liburua argitaratu genuenetik horretan dihardugu, arlo ezberdinetako liburuak argitaratzen, gure aldetik, bakarka, edo beste elkarte eta udal batzuekin elkarlanean.
Besteak beste, honako arlo hauek jorratu ditugu:
- Eskualdeko herrietako adizkiak jaso eta argitaratu ditugu Deba Ibarreko aditz-taulak izeneko bilduman. Oņatin, gainera, bereziki hitanoko adizkiak biltzen dituen Oñatiko hika poltsikaran liburuxka ere kaleratu dugu.
- Herri mailako euskara-azterketak egiten, koordinatzen edo argitaratzen ere parte hartu dugu (Oñati, Elorrio, Mallabia, Getaria, ...).
- Ahozko jardunarekin lotutako liburuak ere kaleratu ditugu. Esaterako, Ahozko jarduna hobetzeko proposamenak eta Berbeta Berua, gazte hizkeraren inguruko hiztegia biltzen duena.
- Haurrei zuzendutako pare bat argitalpen ere egin ditugu: Jira bueltan: betiko 50 kanta eta jolas eta Eibarko umeei zuzendutako Atxia-motxia.
- Deba Ibarreko euskararen zenbait azterketa ere kaleratu ditugu, Koldo Zuazoren eskutik. Deba ibarreko euskeria eta Deba ibarretik euskararen herrira liburuak lehenbizi, eta, urte batzuk geroago, tokiko euskararen proposamenarekin berriturik ekarri zuen Deba ibarreko euskara. Dialektologia eta tokiko batua.
- Hezkuntza arloan, Euskal Herriko Ahotsak proiektuko materiala hezkuntzan erabiltzeko prestatzen dihardugu, eta hainbat gida-didaktiko sortu ditugu: Ikasmaterial digitala: transmisioa ikasgelan eta Ikasmaterial digitala: aniztasuna ikasgai.
- Aisialdiko ikasle edo begiraleentzat materiala ere sortu izan dugu: Aisialdirako material digitala.
- Adineko pertsonak edo mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzen lan egiten dutenentzat oinarrizko hiztegitxo bat ere prestatu dugu Azkoitian: Esaizu euskeraz!
Lan hauetakoren bat lortu nahi izanez gero, jarri hartu-emanetan argitalpenen arduradunarekin helbide honetan.
Argitalpenen arduraduna
Badihardugu Euskara Elkartea
Otaola hiribidea, 1
20600 Eibar
943 12 17 75
e-posta