« Itzuli albistegira

Euskaltzaindiaren adierazpena euskalkiak egoki erabiltzeko

2004-03-30  ¦  Badihardugu

2004ko martxoaren 26an, Lezaman eginiko osoko bilkuran, "Euskalkien erabileraz. Irakaskuntzan, Komunikabideetan eta Administrazioan" izeneko adierazpena onartu zuen Euskaltzaindiak. Hiru arlo horietan euskalkiak erabiltzeko hainbat jarraibide eman ditu adierazpen horretan.

Euskaltzaindiak dioenez, "adierazpen honen xedea da euskara baturako eta euskalkietarako esparru eta joko-arau zehatzagoak ezartzea edo berrezartzea; horien bitartez euskaldun guztiok eroso eta erraz ari gaitezen egunero euskara erabiltzen dugunean".

Hona hemen Euskaltzaindiak euskalkien alorrez alorreko erabileran eman dituen irizpideak:

Administrazioan

  • Euskara idatziari dagokionez, administrazio orokorrean euskara batua erabiliko da.
  • Lurralde mailan diharduten administrazioek aintzat hartuko dituzte bertako euskalkiak; betiere administrazioko lexikoaren eta terminologiaren batasuna begiratuz, erabilera orokorreko hitzen ordeak asmatzen ibili gabe.
  • Bidezkoa da tokian tokiko administrazioek bertako euskalkia erabiltzea herritarrekiko harremanetan, batik bat ahozkoetan.
  • Herritarrekin ahozko harreman zuzena duten administrazioetako langileek tokian tokiko euskalkiaren oinarrizko ezagutza behar dute.

Komunikabideetan

  • Hedadura orokorreko komunikabideek euskara batua erabiliko dute.
  • Eskualde edota herri mailako komunikabideek euskara batua eta euskalkia erabil ditzakete: biak batera; baina ez elkarrekin nahasiz, baizik atalez atal bereiziz. Hedaduraren eta hedabidearen arabera erabakiko dute kazetariek-eta zein ataletan, non eta noiz erabili euskara batua eta zeinetan, non eta noiz euskalkia.
  • Euskalkia erabiliz jardun behar duten kazetariek-eta aski landua behar dute izan hartarako gaitasuna, ahozkoa nahiz idatzizkoa, euskalkiaren duintasunaren hobe beharrez. Lanean, bereziki gogoan izan bezate Euskaltzaindiak gaitzetsi egiten dituela ahozkoan eta lagunarteko hizketan ohikoak diren laburtzapenak eta tokian tokiko fonetismo bereziak.
  • Hizkuntza-erregistroa hautatzerakoan, kazetariek-eta erabakiko dute zein ataletan, non eta noiz erabili euskara landua (batua nahiz euskalkia) eta zeinetan, non eta noiz lagunartekoa.

Irakaskuntzan

  • Euskalkiek euren nortasuna dute, eta hezkuntzan jagon egin behar dira euren osagai esanguratsuak nahiz hizkuntzan betetzen duten funtzioa, betiere idatzizkoaren eta ahozkoaren arteko desberdintasuna kontuan hartuz eta batasunerako arauak betez.
  • Lagunarteko hizkera --gehientsuenean behinik behin--, euskalkian edo azpieuskalkian oinarritzen dela gogoratu behar da; eta landua, ostera, euskara batuan edo euskalkiaren erabilera landuan. Horrenbestez, hezkuntza-komunitateak, egoeraren arabera, beharko du bideratu hezkuntza-prozesu bakoitzari dagokion erregistroa, batez ere lexikoan eta esapideetan.
  • Irakasleak hezkuntza-jardunean aritzeko, gomendagarria da hizkera landuaren eta lagunartekoaren jakitun egotea. Horrela, lagundu ahal izango dio ikasleari hizkuntzaren erregistroen erabilera-esparruetan. Horretarako ere, ezinbestekoa da irakasleen berariazko trebakuntza.
  • Umeei dagokienez, Euskal Herriko haurren jatorrizko hizkuntza aintzat hartuta --betiere helburua euskaldun osoak sortzea izanik--, metodoaren aldetik, hots, ikasgela eta ikasmultzo berean jardunik, guztiz mesedegarria da haurren hizkuntza-gaitasunaren araberako jardunbideak lantzea.
  • Helduei dagokienez, euskalduntzea eta alfabetatzea bereizi beharko lirateke; lehen kasuan, euskalduntzean, zerotik abiatzen delako ikasprozesua eta, bigarren kasuan, alfabetatzean, ikasleak dakienetik ez dakienera delako ikasprozesua.

Adierazpen osoa eskuratzeko aukera duzue Euskaltzaindiaren webgunean, PDF formatuan.