Koldo Zuazok euskalkien mapa berria kaleratu du
2004-07-12 ¦ Badihardugu
Gutako gehienok ezagutzen dugu Bonaparte printzeak argitaratutako euskalkien mapa ezaguna. 134 urte igaro dira harrezkero, eta oraingoan Koldo Zuazok mapa berria osatu du. Atzo (uztailak 11) kaleratu zuen "Berria" egunkariak.
Louis-Lucien Bonapartek 1869. urte inguruan euskalkien mapa kaleratu zuenetik, horixe izan da euskalkien mugak eta izenak zehazteko oinarri nagusia. Azken urteotan Koldo Zuazok mapa berria proposatu du. Zuazo EHUko Euskal Dialektologiako irakasle da, eta azken hamabost urteak euskalkiak aztertzen igaro ondoren, zenbait aldaketa egin dizkio Bonaparteren sailkapenari.
Hiru dira aldaketa nagusiak:
- Hizkera batzuen kasuan muga berriak sartu ditu.
Batzuetan, Bonapartek egindako akats batzuk zuzendu egin dituelako (esate baterako, Sakana-Burunda inguruan gipuzkeraz egiten dutela); beste batzuetan, azken 130 urteotan euskalkiak aldatu egin direlako, eta ingurune batzuetako hizkerak aldatzen juan direlako. - Tarteko hizkerei garrantzi handia eman die.
Bonaparteren euskalki-mugak oso zurrunak ziren; Zuazok tarteko hizkerak aipatzen ditu askotan, bere ustez askoz egoera errealagoa adierazten dutelako. - Euskalkien izen "berriak".
Zuazok izen berriak proposatzen ditu euskalkientzat. Orain arte Bizkaiera esaten zitzaiona, Mendebalekoa da Zuazoren lanean; Gipuzkeraren lekuan, Erdialdekoa, eta abar.
Zuazoren lanaren arabera, 6 dira gaur egun bizirik dauden euskalkiak: Mendebalekoa, Erdialdekoa, Nafarra, Ekialdeko Nafarra, Nafar-lapurtarra eta Zuberotarra. Azpieuskalkiak, berriz, hamabi.
Urteetako lana
Atzo Berria egunkariarekin kaleratutako mapa ez da azken egunotako lana. Zuazo aspaldi hasi zen euskalkiak aztertzen, eta hainbat lan kaleratu ditu gai horren inguruan. Besteak beste:
- Arabako euskararen lekukoak. Ikerketak eta testuak. (1998)
- Deba Ibarreko euskeria (1999)
- Euskararen Sendabelarrak (2000)
Eta batez ere euskalkien sailkapen berria proposatzen duten bi lan hauek:
- Euskalkiak gaur, FLV 30. 191-233 (1998)
- Euskalkiak, herriaren lekukoak (2003)
Lan horiek giltzarri izan dira euskalkien sailkapen eta antolaketan. Beraietan aipatzen ditu Zuazok bere ustez zeintzuk diren euskalki bakoitzaren ezaugarri nagusiak, eta nola antolatu duen bere azterketa atzo kaleratutako mapa egituratzeko.