Irungo udalak Jose Antonio Loidi beka aurkeztu du
2005-06-30 ¦ Bekak
Irungo udala, Antonio Loidi omentzeko eta herriari buruzko ikerketak bultzatzeko, "Jose Antonio Loidi beka 2005" kaleratu du. Euskarazko lanak onartuko dira, eta ondoko gaiak aztertu daitezke: antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika.
Halaxe dio. Irun.org
Beka honek omenaldi bat izan nahi du adopzioz eta bihotzez Bidasotarra zen Jose Antonio Loidi ospetsuarentzat, eta haren etsenpluari jarraiki, ikerketa suspertu eta bultzatu nahi du hainbat esparrutan; izan ere, berak bere bizitzan zehar hain era oparoan garatu zuen egitekoa sustatzea du helburu beka honek. Gisa berean, ikerketa zientifikoa zabaldu nahi dugu euskaraz, Jose Antonio Loidik hainbeste maite eta sustatu zuen hizkuntzaz.
Ezaugarriak:
Ikerketa esparruak: antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika.
Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egingo dira.
Bekaren iraupena: 12 hilabete.
Bekaren diruzenbatekoa: 9.000 euro.
Baldintzak:
- Norbanakoek edo taldeek eska dezakete beka.
- Goi mailako titulazioa eta EGA agiria edo baliokidea.
- Ikerketa-lanak originala eta argitaratu gabea izan behar du.
- Aurkezteko epea: 2005eko irailaren 5etik 23a arte.