« Itzuli albistegira

Ander Manterolari elkarrizketa. Euskalkiaren beharra.

2005-07-19  ¦  Hemeroteka

Ander Manterolari, Labayruko arduradun nagusiari, elkarrizketa interesgarria egin diote Argia aldizkarian Euskalkiaz eta batuaz, bien beharraz egin du berba, ondo baino hobeto.

Beste kontu askoren artean, ondokoa ere aipatzen du Manterolak:

  • Ikastaroak seminarioan egiteak, Bizkaiko euskarari lehentasuna emateak, horrek kutsu berezi bat eman zizuen euskara batua zabaltzen ari zen sasoirik beteenean?
  • Jakina. Erresistentziako zulo bat bezala hartu gintuzten askok. Baina ez da hori. Guk beti onartu ditugu Euskaltzaindiaren arauak ortografiari buruz, bai eta batasunaren beharra ere. Baina, ahozkoaren lehentasuna ere bai. Ahozkoa da hizkuntza. Idatzia hizkuntzaren errepresentazioa baino ez da. Idatzia, liburua zarratu eta hor dago. Dakigunetik ez dakigunera, horixe izan da gure bidea. Zer dakigu? Hitz egiten. Zelan dakigu hitz egiten? Amak erakutsi zigun bezala. Zer ez dakigu? Forma berri batzuk... Gipuzkoarrentzat hori gauza erraza da zeren uste dute gipuzkeraz egin eta batuaz ari direla. Baina hori ere ez da egia. "Antz gehiago duā", diote. Ez!, aztertu egizu ondo! Uste dut denborak ez arrazoi eman digula guri, baina arrazoi eman diola gure metodoari. Ahozkoaren lehentasuna; hemen, bizkaieraz. Eta horretaz baliatu beste euskalkietara eta, harago, hizkuntza estandar batera heltzeko.
  • Min egin zizuen bestek zuek ghettotzat hartzea?
  • Beharbada. Niri ez. Ni ziurrago nengoen horretaz. Ez zen amore ematea edo ez ematea. Nork du arrazoi handiago? Nire jaioterriak, ala Axularrek? Axularrek, idatzi zuena idatzi zuen. Liburuan dago. Lehortuta. Eredu izango da, baina nork dauka euskara bere buruan, bere eztarrian, bere bihotzean, herriak baino? Hemen izan zen bolada bat esan zena: "Bihartik hasita denok batuan!". Bai, eta nork egin behar zuen "bihartik hasita" dena batuan? Batua helburu bada, bidea egin beharko da helburu horretara heltzeko, ala? Ez dut uste Bizkaian inork egin duenik gehiago euskara batuaren alde Derioko ikastaroek eta Labayruk baino. Inork ez. Batuaren alde! Bizkaiera ondo lantzen duenak euskara batu osoaren %90 bereganatuta dauka. Beste %10 hori abildadea da. Nik uste dut bide horretan egin dugula aurrera. Froga da urte askoan gure irakasle izandako bat, Iparraldeko literatura hain ondo erakutsi duena, euskaltzainburu dela. Beharbada ez zen ondo ulertu gure metodoaren bidea.

(Argazkia: Zaldieroa)