« Itzuli albistegira

"Hondarribiko eta Irungo euskara" Txomin Sagarzazu

2006-01-02  ¦  Argitalpenak

Orain dela egun batzuk kaleratu da Hondarribiko eta Irungo euskara jasotzen duen liburua. Bi udalek emandako bekei esker, Txomin Sagarzazuk herri horietako hizkera jaso eta aztertu ditu "Hondarribiko eta Irungo euskara" liburuan.

Harrikadak blogetik jasota:

Liburu berriaren helburu nagusia da, Hondarribiko eta Irungo hizkerak dialektologi alderditik aztertzea: hizkuntz ezaugarri eta arau nagusien bilduma egin, eta zein ezaugarritan diren berdinak eta zeinetan ez agertzea, eta, era berean, hizkerok euskalkien sailkapenean duten kokaguneari buruzko argibideak ematea.

Liburuaren lehenengo atalean bi erkidegoen historia eta herritarren arteko harremanak jorratu ditu Txomin Sagarzazuk. Bigarren atalean, gaur egunera arteko ikertzaile nagusien ekarria gaingiroki agertu eta Hondarribiko eta Irungo hizkerez emandako argibide nagusiak aipatzen dira. Larramendi izan du hizpide lehendabizi, Bonaparte ondoren eta Azkue azkenik. Jarraian, XX. mende erdiko lanen berri ematen du, eta Koldo Zuazoren ondorioen laburpenarekin amaitzen da atal hau.

Hirugarren atala liburuaren mamia da, hots, hizkuntza azterketa; eranskin modura itsasoarekin lotura duten 250 hitz bildu ditu Sagarzazuk, Hilario Lazkanotegiri esker.

Liburuarekin batera doan CDan, berriemaileekin izandako elkarrizketa-multzokadetatik hamar aukeratu eta horien transkripzioak eskaintzen dira.

Euskalkiei buruzko lan hau burutzeko 60 eta 91 urte bitarteko hondarribiarrak solaskide izan ditu Txomin Sagarzazuk. Herriko toki ezberdinetako euskararen berezitasunen berri izan aldera, Portuko, Akartegiko, Kaleko, Santa Engraziako, Amuteko eta Jaitzubiako biztanleak aukeratu ditu. Irunen ere adineko jendearekin hizketan aritu da Anakan, Lapitzen, Behobian, Meakan, Katean, Santa Elenan, Urantzun eta Olaberrian.

------------------

Egileari elkarrizketa BidasoaMedia aldizkari dijitalean