"Hizkuntza eta Gizartea: Deba ibarra" Zuazoren lan berria
2006-05-30 ¦ Deba ibarra
Koldo Zuazok honezkero erdi-prest dauka Hizkuntza eta Gizartea: Deba ibarra izeneko lana, 1999an Zuazok berak egindako Deba ibarreko euskeria liburuaren bigarren edizioa.
Izenburua: Hizkuntza eta Gizartea: Deba ibarra.
Egilea: Koldo Zuazo, EHUko irakaslea.
Liburuaren ezaugarriak:
1999an egile berak egindako Deba ibarreko euskeria liburuaren bigarren edizioa da, baina guztiz eraberritua.
Deba ibarreko hamabost herritako hizkera da aztergai: Arabako Aramaio, Bizkaiko Ermua eta Zaldibarko Eitzaga auzoa, eta Gipuzkoako Mutriku, Mendaro, Elgoibar, Eibar, Elgeta, Soraluze, Bergara, Antzuola, Oņati, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga. Alde batera utzi da euskara giputza egiten den Debakoa, eta Deba ibarraren eta Bizkaiko euskararen arteko lotura egiten duen Mallabikoa. Baita Bergarako Elosu auzoa eta Aramaioko Oleta auzoa ere, euskara giputza egiten delako batean, eta bizkaitarra, bestean.
Liburuaren egitura
Hiru atal nagusi izango ditu:
Lehen atalean hamabost herri horietako hizkeren ezaugarriak erakusten dira: fonologia (bokalak, kontsonanteak eta azentua), morfologia (izenarena eta aditzarena), eta morfosintaxia.
Bigarren atalean Deba ibarrean hiru hizkera mota daudela erakusten da:
- Debagoienekoa, Aramaiok eta Leintz haranak osatua. Oņati ere eremu horretakoa da, baina berezia. Alderdi honetako euskarak Bizkaikorekin lotura estua dauka, baina baita Araban aspaldi egiten zenarekin ere.
- Erdigunekoa, Ermuak, Zaldibarko Eitzaga auzoak, Eibarrek, Elgetak eta Soraluzek osatua. Bergara eta Antzuola ere hortxe daude, baina berezia da herri horietako hizkera, euskara giputzaren eragin bizia daukana.
- Debabarrenekoa, Elgoibarrek, Mendarok eta Astigarribia auzoak osatua. Hortxe dago Mutriku ere, baina berezia da hango hizkera.
Hirugarren atalean herri hizkerek gaur egungo gizartean izan dezaketen lekua aztertzen da. Deba ibarreko batua nolakoa izan litekeen ere erakusten da. Gaur egun irakaskuntzan, hedabideetan, administrazioan euskara batua erabili beharra dagoela esaten eta onartzen da, baina Deba ibarreko batua ez dela Nafarroako Baztangoa edo Nafarroa Behereko Garazikoa bezalakoa zertan izan ere argitzen da. Eskualde euskaldunetan bertako lexikoa, bertako sintaxia, bertako ezaugarri morfologiko eta fonologiko zenbait erabil daitezkeela proposatzen da. Deba ibarreko adibidea oinarritzat hartuta, hori nola gauzatu erakusten da. Honako hauxe da, beraz, tankera horretako saioa egiten den lehen aldia.
Liburua ez da, beraz, deskripzio hutsa. Deba ibarreko tokiko batua nola egin erakusteaz gainera, euskalkiak lantzeko eta irakasteko zein irizpide kontu hartu ere esaten da, eta orain arte ibilitako bidea zuzentzeko arrazoiak aipatzen dira. Euskalkiak sailkatzeko orduan ere zein ezaugarri den egoki eta zein desegoki azaltzen da.
Hizkera argian eta arinean idatzita dago liburua, teknizismo gehiegirik gabe, edonork ulertzeko moduan. Lehenengo atal biak, batez ere irakasle eta hizkuntza gaietan dihardutenengan pentsatuta daude. Hirugarren atala, berriz, Deba ibarrean euskaraz lanean dabiltzanendako gerta daiteke lagungarri, eta Deba ibarretik kanpokoendako ere bai, hango eredua ezagututa, euren bidea erosoago egin dezaten.
Liburuaren osagarri, Egoitz Unamuno soraluzetarrak egindako argazkiak eta Andoni Elorduik egindako mapak agertuko dira. EHUko irakaslea den Txipi Ormaetxea aramaioarrak eman dio liburuari gainbegiratua.
Ondo bidean, 2006ko Durangoko Azokan egongo da salgai, Badihardugu Elkartearen mahaian.