Oiartzungo hizkera jasotzeko proiektua martxan
2006-10-02 ¦ Euskalkiak
Oiartzungo Ttur-ttur elkarteak bultzatuta, eta udalaren laguntzarekin, herriko ahozko ondarea, hizkera eta ohitura zaharrak jasotzeko proiektua abiatu da hil honetan.
Proiektuaren helburua Oiartzungo jende nagusiari elkarrizketak egitea da, herriko ohiturak, historia eta hizkera jasotzeko. Ondoren, dena datu-base batean sartu eta antolatzea, herritar guztientzat erabilgarri izan dadin.
Bi iturri erabiliko dira horretarako: batetik, herriko nagusienei elkarrizketa berriak egingo zaizkie bideoz, beren testigantza jasoz. Bestetik, herrian orain arte egindako grabazioak bildu egingo dira. Zinta zahar zein berri guztiak transkribatu eta ondo sailkatuta gordeko dira, horretarako prestatutako datu-base batean.
Proiektuaren arduraduna Ane Lardi ikertzailea izango da, eta ikerketaren azken xedea Oiartzungo euskararen corpus sendoa eta herriaren memoria kolektiboa biltzea da.
Proiektua Ttur-ttur elkartearena da, eta Oiartzungo udalaren dirulaguntza jaso du.