"Elgoibarko euskara" liburua kaleratu dute
2007-03-20 ¦ argitalpenak
Jesus Mari Makazaga euskal filologo elgoibartarrak "Elgoibarko Euskara" liburua aurkeztuko du datorren martitzenean (martxoak 27) bere herriko Kultur Etxeko hitzaldi gelan. Liburua Elgoibarko Izarra elkarteak bultzatu du, eta Udalaren dirulaguntza jaso du.
Jesus Mari Makazaga euskal filologo elgoibartarrak bere herriko hizkera osotasunean aztertu du Elgoibarko Euskara liburuan, ahozko tradiziozko euskara jaso eta indartzeko ahalegina egiteko asmotan.
Datorren martitzenean (martxoak 27) egingo du liburuaren aurkezpena Kultur Etxeko hitzaldi gelan.
Elgoibarko Izarra kultur elkartearen ekimenetik jaio zen gure herriko euskara liburu batean jasotzeko ideia. Jesus Mari Makazaga filologoa, berriz, ideia paperera eramateko arduraduna izan da. Azkenik, Elgoibarko Udala proiektua diruz laguntzeaz eta argitalpenaz arduratu da.
Liburua osatzeko lanak 1999. urte amaieran hasi zituzten Makazaga eta bere laguntzaileek. Estreinako lana, kanpoko euskararekin edo euskara batuarekin tratu gutxi izan duten adineko elgoibartarrei; baserritar zein kaletar, elkarrizketak egitea izan zen. Elkarrizketak egin eta egin jardun zuten 3 bekadunek. Landa lanean ateratako emaitzak aztertu eta ondorioak ateratzea izan da, besteak beste, Makazagak ondoren egin behar izan duen lana.
Elgoibarko Euskara 352 orrialdeko liburua izan da lan guzti honen emaitza.