« Itzuli albistegira

Ordiziako toponimia jasotzeko beka

2007-04-26  ¦  toponimia

Ordiziako udalak Ordiziako toponimia jaso eta finkatzeko deialdia zabaldu du. 14.000 euroko beka izango da eta 14 hilabeteko epean egin beharko da ikerketa.

BEKAREN EZAUGARRIAK

BEKAREN EZAUGARRIAK

  1. Ordiziako toponimia bildu, sailkatu, kokatu, aztertu eta finkatzeko proposamena egitea izango da beka honen helburua.
  1. Diru-zenbatekoa: Bekaren zenbateko osoa 14.000 eurokoa izango da.
  2. Iraupena: Lana egiteko epea 14 hilabetekoa izango da, beka adjudikatzen den egunetik hasita.
  3. Beka hau ez da ikerketaren ordainsaria izango, bera egiteko laguntza baizik.
  4. Lana euskaraz aurkeztuko da eta horren laburpena ele bitan.
  5. Lana Udal Euskara Zinegotzi Ordezkariaren ardurapean burutuko da Euskaltzaindiaren gidaripean.

ESKATZAILEAK

Eskatzaileak (edo lantaldea bada kideetako batek gutxienez) Euskal Filologia edo Historia ikasketak burututa edo azkeneko kurtsoan egon behar du, edo bestela euskal hizkuntzalaritzan ezagupen eta trebakuntza egiaztatua izan.

"Toponimoen bilketa eta finkaketa Ordizian" gaiari buruzko txostena aurkeztu behar du.

Adjudikaziodunari proiektuaren erantzule izango den zuzendaria jarriko zaio, proiektua zuzentzeko eta koordinatzeko. Zuzendari hori Euskaltzaindiak izendatuko du, eta 1.200 euro jasoko ditu bere lanagatik.

ESKABIDEAK

Interesatuek Ordiziako Udaletxeko Herritarren Arretarako Bulegoan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, honako agiri hauekin batera:

  1. Espediente akademiko xehatu eta osoa. Jasotako kalifikazioak eta beraien datak agertu behar dira, jatorrizko agirian edo ziurtagiriaren egiaztatutako fotokopian. Lantaldeen kasuetan, partaide orok egin beharko du. Euskal Filologia ikasketa arautuak egin direla ez badira frogatzen, hizkuntzalaritza ezagupenen, lan esperientziaren edo ezagupen horien adierazgarri direnen diploma edo ziurtagiriak aurkeztuko dira.

    2. Curriculum Vitae. Lantaldeen kasuetan partaide guztienak. Era berean, lanbide eta ikerketa esperientzia, egin dituen/dituzten argitalpenak, beste hizkuntza batzuen ezagutzak eta beste datu aipagarriak ere adieraziko dira. Lana nola egingo lukeen/luketen adieraziz memoria bat, ahalik eta zehatzena, ondokoak azalduz, besteak beste:
  • Ikerketaren etapak.
  • Erabiliko den metodologia.
  • Dituen/dituzten bitarteko eta baliabideak.
  • Eskatzailearen/eskatzaileen nortasun agirien kopia.

Eskabideak eta gainontzeko agiriak eta geroago egon daitekeen korrespondentzia honako helbidera bidaliko dira:

ORDIZIAKO UDALA
Euskara Zerbitzua
Erreferentzia: Toponimia Beka Burutzeko Plaza

DOKUMENTAZIOA AURKEZTEKO EPEA

Memoria eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea arau hauen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean agertzen denetik hasita 30 egunekoa izango da.

Eskatutako zerbait betetzen ez duten eskabideak eta agiriak jasotzen badira, 7 eguneko epea izango dute akatsak zuzendu edo behar diren agiriak aurkez ditzaten. Horrela egingo ez balute, eskabideak artxibatu egingo lirateke besterik gabe.

ADJUDIKAZIO PROZEDURA

Beka hau Ordiziako Alkateak adjudikatuko du, Epaimahaiaren proposamena jaso ondoren. Epaimahaia honako hauek osatuko dute.

Epaimahaiburua:

  • Udalaren Alkate-Presidentea edo berak izendatutako ordezkaria.
  • Epaimahaikideak: Euskarako zinegotzi ordezkaria edo berak izendatutako ordezkaria.
  • Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordearen ordezkari bi.
  • Alkateak izendatutako idazkaria.

Balorazioa egin aurretik, Euskal Filologia ikasketa arautuak frogatzen ez dituzten eskatzaileak lehiaketan onartzeko edo ez onartzeko irizpideak ezarriko ditu epaimahaiak.

Hauek izango dira adjudikazio irizpideak, neurri egokiekin:

  1. Eskatzaileek aurkeztutako proiektuaren edo memoriaren aurkezpena epaimahaiaren aurrean aurkeztu eta berorren inguruan epaimahaikideak formulatuko galderei erantzun beharko dizkiete: 0tik 30 puntura.

    2. Onomastikari buruzko ikasketa espezifikoak, ikastaroak, etab.: 0tik 10 puntura.

    3. Onomastikarekin zerikusi zuzena duten lanetan esperientzia: 0tik 10 puntura.

    4. Inguruko euskalkiaren ezagutza praktikoa (ahozko proba egingo du epaimahaiaren aurrean): 0tik 10 puntura.

    5. Ordizia edo inguruko herriei buruzko lanengatik (Goierri eskualdekoak,...): 0tik 10 puntura.

Eskatzaileak gutxienezko baldintzak bete ezean, Epaimahaiak bere gain hartzen du deialdi hau indarrik gabe uzteko ahalmena. Era berean, zenbait ordezko izendatuta izango ditu, gutxienezko betebeharrak betetzen badituzte, bekadunek bekari uko egiteagatik edo beste arrazoiren batengatik hutsik geldituko balitz; horretarako lehentasuna ordezkoen hurrenkeraren arabera izango da.

Eskatzaileak Beka eskatze hutsagatik, Epaimahaiaren ebazpenaren aurkako edonolako ekintza judiziali edo estrajudiziali uko egiten diote.

BEKADUNAREN BETEBEHARRAK

  1. Bekaren onarpena idatziz adieraztea hasi eta 7 eguneko epean.

    2. Lanaren garapenari buruz aurkeztutako memoriaren araberako txosten bat aurkeztea hiruhilabetero.

    3. Ordiziako Udalaren esku edukitzea egindako lanaren ohar, zirriborro, aurrerapen eta emaitzak.

    4. Aurreikusitako planaren edo ikertaldearen osaketaren aldaketen berri ematea. Halakorik ezin izango da egin Ordiziako Udalak espreski emandako baimenik gabe.

    5. Euskaltzaindiak emandako gomendioak betetzea eta lana burutzeko prozedura eta metodologia jarraitzea.

    6. Bekaren amaieran, hiru hilabeteko txostenaren ordez, amaiera-lana aurkeztu beharko da. Baita amaiera-lanaren laburpena ele bitan ere. Lan horiek euskarri informatikoan (Word) entregatuz gain, lan eta laburpenaren ale bat orrietan entregatuko da.

    7. Ikerlana emateko azken epean ez bada lana amaitu, justifikaziorik gabe, penalizazioren bat jarri ahal izango dio Udalak. Hala eta guztiz ere, Udalak baimena eman dezake aipatutako epeak luzatzeko baldin eta arrazoiturik ikusten badu. Halaber, bildutako material guztien kopia (grabaketak, etab.) Ordiziako Liburutegian utziko da ikertzaileen erabilerarako. (Horretarako, egite eskubideen jabeei baimena eskatu behar dielarik).

    8. Beka hau bateraezina izango da beste edozein ikerketa-beka edo lan finko osorik. (Baldintza hau beka eskatzean bete behar da).

Ikerketak ekar litzakeen gastuak bekadunek egin behar dituzte. Halere, Ordiziako Udalak ahalik eta gehien lagunduko du berari dagokion kudeaketan.

LANAREN JABETZA

Lanaren jabe egilea bera izango da. Ordiziako Udalak berarentzat gordetzen du, hala ere, ikerketaren argitalpen oso edota zatikakoa egiteko eskubidea, baita normalizaturiko izenen erabilera ere. Kasu honetan bekadunak uko egingo dio egile eskubideak jasotzeari.

Ordiziako Udalak lana argitaratzea erabakiko balu, horren berri eman beharko die egileei hiru urteko epearen barruan argitaratu behar duelarik. Lehen argitalpen honen ustiapen-eskubideak Ordiziako Udalarenak izango dira. Epe hau igarota, egileak bere lana argitaratzeko askatasuna izango luke, beti ere izan zuen bekaren aipamena eginez. Era berean Ordiziako Udalak argitaratzeari uko egingo balio lehenago argitara dezakete.