« Itzuli albistegira

Azpeitiko behin-behineko mapa toponimikoa

2007-09-17  ¦  toponimia

Joan zen ostiralean, irailaren 14an, aurkeztu zen Azpeitiko toki-izenak jasotzen dituen maparen behin-behineko bertsioa. Lana osatu eta herritarren ekarpenak jasotzeko asmoz irailaren 20ra arte azpeitiar guztien eskura egongo da mapa Betharrameko aretoan zabaldu den erakusketan.

Iņaki Errazkin alkateak, Ikermap enpresako Imanol Goikoetxea proiektuaren arduradunak eta Arantxa Isart Udaleko Euskara batzordeburuak hartu zuten parte mapa toponimikoaren aurkezpenean.

Euskara Patronatuan eginiko aurkezpenaren ostean Betharrameko aretoan jarri den erakusketa bisitatu zuten arduradun eta gonbidatuek. Izan ere, ostiralean aurkeztu zena behin-behineko mapa da. Udalak lanari behin betiko onarpena eman aurretik, behin-behineko bertsioa herritarrei erakutsi nahi izan die. Honela, balizko akatsak zuzendu, hutsuneak bete edota zalantzak argitzeko aukera eskaintzen zaie azpeitiar guztiei.

Irailaren 20ra arte ikusgai egongo erakusketa eta bertan, paneletan jarrita, mapa toponimikoaren anpliazioak, argazkiak eta leku-izenen zerrenda ikus daitezke.

Bisita orduak

Mapa toponimikoaren erakusketak honako ordutegia izango du:

  • Astegunetan: 17:30etik 20:30era.
  • Asteburuan: 10:30etik 13:30era

Aurkezpenaren eta proiektuaren inguruko informazio gehiago hemen.