Orioko edadetuen euskara jasotzeko beka
2008-06-01 ¦ Ahozko ondarea
Orioko udalak jakinarazi duenez, Ibai Esoain, Egoitz Eizagirre eta Unai Manterola orioarrek osatutako lantaldea aukeratu dute Orioko edadetuen hizkera jasotzeko.
Orioko udalak orain dela hilabete ireki zuen bekara aurkezteko epea. Beka deialdiaren helburua hau da, edadeko oriotarrei grabazioak egitea bideoan, haien euskara jasotzeko eta gordetzeko. Oriotar horien euskarazko jardunarekin batera, jakina, haiek esandakoa ere jaso eta gordeko da: garai bateko bizimodua, ohiturak, festak... Orioko 10 pertsona elkarrizketatuko dira eta transkripzioa ere egingo da.
Aste honetan, berriz, jakitera eman du beka nortzuk jasoko duten. Ostegunean hartu zuen erabakia, Udaleko Euskara batzordearen bileran.
Bost proposamen aurkeztu ziren guztira eta batzordeak,aho batez, honako taldeari ematea erabaki zuen: Ibai Esoain, Egoitz Eizagirre eta Unai Manterola, hauena izan baitzen puntu gehien jaso zuen proiektua.
Euskara batzordeko kideek aurkeztutako guztiei eskerrak eman dizkiete lan hau egiteko erakutsitako prestutasunagatik.
Informazioa Karkaran.