Elgoibarko ondarea digitalizatzeko lanen aurkezpena
2008-06-17 ¦ kultura ondarea
Gaur, asteartea, hilaren 17a, arratsaldeko 7retan aurkeztuko dira Elgoibarko Kultur Etxean bertako ahozko eta idatzizko ondarea digitalizatzeko lanak. Dijitalidadea enpresak egin du idatzizko lanen digitalizazioa eta Badihardugu Elkarteak ahozkoaren lanketa.
Elgoibarko Udalak euskarazko hizkuntza ondarea digitalizatzeko egindako lanak aurkeztuko ditu, gaur, ekainaren 17an, asteartea, arratsaldeko 7retan Kultur Etxean egingo den ekitaldian.
Aurten, bi proiektu burutu dira Elgoibarko idatzizko eta ahozko ondarea bildu, digitalizatu, eta Interneten, guztion eskura, jartzeko.
Ahozko ondarea
Lehendabizikoa, Badihardugu Euskara Elkarteak egin duen Elgoibarko ahotsak proiektua izan da. Lan honen helburu nagusia izan da, gure herriko nagusienen ahotik bertako ahozko ondarea jasotzea.
Badihardugu elkarteak orain arte herrian eginda zeuden grabazioak batu ditu; proiektu honetarako, Elgoibarko berbetia eta Elgoibartarren esanetan proiektuetako elkarrizketak erabili baititu.
Ondoren, elkarrizketak kodifikatu (minutuz minutu laburtu), datu-basea antolatu eta transkribapenak egin ostean, bildutako ahozko ondarearen pasarterik interesgarrienak jarri dira Interneten. Hau da, elkarrizketatu bakoitzeko, gutxienez, pasarte bat jarri da sarean, zaletuek zein adituek entzuteko, kontsultatzeko eta ikertzeko aukera izan dezaten.
Idatzizko ondarea
Bestalde, ondarea digitalizatzeko aurten burutu den bigarren proiektua, Dijitalidadea enpresak egin duena izan da. Proiektu honen barruan, Elgoibarko kronika zaharrak digitalizatu eta Interneten jarri dira interesa duten guztien eskura. Hori dela-eta, Elgoibarko bizimoduari buruz, 1930etik 1936 urtera bitarteko egunkarietan eta aldizkarietan argitaratu ziren kronikak eta albisteak bildu eta digitalizatu dira.
Udalak ezinbestekotzat jo du aurrekoen bizimodua eta Elgoibarko herriaren historia jasota lagatzea, nahi duten guztiek ezagutzeko, erabiltzeko eta ikertzeko aukera izan dezaten. Horiek horrela, gaurko ekitaldian aurkeztuko diren bi proiektuei esker, gElgoibarko hizkuntza ondarea ez ezik, herriaren oroimen historikoa ere bilduta geldituko da, gozatu, erabili, ikertu… nahi duten guztien esku.