"Bergarako ahotsak" proiektuaren aurkezpena
2008-06-26 ¦ Aurkezpenak
Bihar, ostirala (hilaren 27a), aurkeztuko da Bergaran bertako ahozko ondarea batzeko, lantzeko eta hedatzeko azken urteetan martxan egon den proiektua: Bergarako ahotsak. Aurkezpena udaletxeko osoko bilkura aretoan izango da, arratsaldeko 7retan.
Asko dira azken urteotan Bergarako euskara edo ohiturak jasotzeko asmoz herrian egin diren grabazioak. Orain artean grabazioei ez zitzaien garrantzirik ematen, baina orain proiektu desberdinetarako egindako grabazio guztiak jaso, datu-base batean txertatu eta landu egin dira, ondoren interneten jartzeko, www.ahotsak.com/bergara helbidean.
Hona hemen ahotsak.com-era bildu diren proiektu nagusiak:
- Bergarako Euskara liburua egiteko grabazioak.
- Euskal Herriko Hizkuntz Atlaserako (EHHA) eta Bergara aldeko hiztegirako egindako grabazioak.
- Bergarako toponimia jasotzeko grabazioak.
- Bergara aldeko berbak eta langintza zaharrak liburu bilduma egitekoak.
- Debarroko Ahotsak grabazio-bilduma. Udalaren enkarguz Badiharduguk egindako grabazioak.
- Beste grabazio solte batzuk.
Guztira 141 hizlariren lekukotasunak jasotzen dira 227 zintatan. Zinta horiek pasarteka banatuta daude eta dagoeneko 1782 pasarte daude kontsultagai; horietatik 524 transkribatuta daude eta 742 ikusi/entzun egin daitezke.
Esan bezala, bihar aurkeztuko da Bergarako ahotsak proiektua, udaletxeko osoko bilkura aretoan, arratsaldeko 7retan.
Proiektuaren inguruko azalpen gehiago, Bergarako udalaren webgunean.