Badihardugu Elkartea Durangoko azokan
2010-12-03 ¦ argitalpenak
Gaur ireki ditu ateak 45. Durangoko Liburu eta Disko azokak eta urtero legez bertan izango da Badihardugu Euskara Elkartea.
Aurten ere Durangoko azokan izango da Badihardugu Elkartea, Deba eskualdeko argitalpenak ezagutarazteko asmoz. Baina berrikuntza bat ere badakar aurtengoan, Deba eskualdeko argitalpenez gain, Gipuzkoako hainbat herritako euskararen inguruko lanak ere aurkitu ahal izango direlako Badiharduguren stand-ean: Ordiziako euskara, Orioko euskara, Zarautz hizketan, Atzoko Zegama, Gipuzkoa hegoaldeko euskara...
Badihardugu Euskara Elkartearen nobedadeen artean Antxon Narbaiza eibartarraren Hizkuntz eskakizuna Eibarko Hirian liburua eta Antzuolako aditz-taulak liburuska aipatu beharra dago. Deba ibarreko aditz-taulen bilduma osatzen duen 9. alea dugu azken hau.
Elkartearen nobedadeez gain, 2010ean eskualdean kaleratu diren zenbait lan interesgarri ere topatu daitezke Badiharduguren stand-ean, esate baterako: Bergarako Anaje Narbaizaren Erremaixuak dvd-a edo Julen Zabaletaren Eibar, tintaz eta lumaz liburua.
Lan hauek eskuratu nahi dituenak Badihardugu Elkarteak Artekale 85-86an duen stand-era jo beharko du eta gaurtik abenduaren 8ra arte dauka horretarako aukera.