Herri-hizkeren lanak Durangoko azokan
2011-12-02 ¦ argitalpenak
Datorren igandean, abenduaren 4an, irekiko ditu ateak 46. Durangoko Liburu eta Disko azokak eta urtero legez bertan izango da Badihardugu Euskara Elkartea Euskal Herri osoko herri-hizkeren lanekin.
Aurten ere Durangoko azokan izango da Badihardugu Elkartea, Deba eskualdeko argitalpenak ezagutarazteko asmoz. Baina, iazko antzera, Deba eskualdeko argitalpenez gain, Euskal Herri osoko hainbat herritako euskararen inguruko lanak ere aurkitu ahal izango dira aurten ere Badiharduguren stand-ean: Ordiziako euskara, Zarautz hizketan, Atzoko Zegama, Gipuzkoa hegoaldeko euskara edo oraintsu kaleratu den Gernika-Lumoko toponimia, esate baterako.
Badihardugu Euskara Elkartearen nobedadeen artean Txipi Ormaetxea aramaioarraren Aramaioko aditz-taulak liburuska aipatu beharra dago. Deba ibarreko aditz-taulen bilduma osatzen duen 10. alea dugu berau eta "labetik" atera berria da. Honekin batera, Bittor Kapanagak 1995ean Euskararen historia zikloaren barruan Bergarako UNEDen emandako hitzaldi interesgarriaren transkripzioa ere aurki daiteke Badiharduguren stand-ean. Lan hau Ahotsak.com webgunean ere eskuragarri dago, pdf formatuan, eta entzun ere egin daiteke.
Lan hauek eta beste hainbat eskuratu nahi dituenak Badihardugu Elkarteak Artekale 21-22an duen stand-era jo beharko du abenduaren 8ra bitartean.