Aramaioko aditz-taulak liburuxkaren aurkezpena
2012-03-27 ¦ argitalpenak
Badihardugu Euskara Elkarteak aurkezpen bikoitza egin zuen joan zen martxoaren 15ean Aramaion. Alde batetik, Txipi Ormaetxea filologoak prestatu duen Aramaioko aditz-taulak liburuxka aurkeztu zen eta, ondoren, Ahotsak.com webgunea eta zehazki Aramaio herriari dagokion orria aurkeztu zitzaizkien herritarrei.
Lehenbiziko zatian, Aramaioko aditz-taulen liburuxkarekin lotutako zenbait puntu aipatu zituen Txipi Ormaetxeak, bertaratutakoekin elkarrizketa sortuz:
- Aditz-tauletan egunerokotasunean gehien erabiltzen diren aditzak bakarrik jaso direla aipatu zuen. Eta datu aipagarri bat ere eman zuen: Aramaioko euskara izeneko bere tesirako bi emakume aramaioarren arteko elkarrizketa transkribatu omen zuen eta guztira 680 adizki atera omen zituen bertatik. 680 adizki horietatik 674 indikatibokoak omen ziren.
- Erabilerarekin lotuta, asko erabiltzen diren zenbait aditzek aldaera ugari izan ditzaketela ere aipatu zuen, eta baita adibideak eman ere.
- Aramaioko euskaran adizki askotan pluraleko komunztadurarik ez dela egiten ere aipatu zuen; hau da, sarritan pluralgilerik ez dela erabiltzen (adibiderako: eran daigun kopak).
- Bukaeran tratamenduen inguruan ere jardun zuen (berorikaren galera eta hikaren gainbehera).
Bigarren zatian, Badihardugu Elkarteko Aintzane Agirrebeņak eta Kepa Elortzak Ahotsak.com webgunearen inguruko azalpenak eman zituzten. Agirrebeņak webgunearen atala erakusteaz gain, herrian urteetan zehar egin diren bilketa eta ikerketak aipatu zituen eta batez ere Arantza Ozaeta eta Dibina Arriolabengoa herritarrek egindako lana goraipatu zuen. Kepa Elortzak hainbat elkarrizketa egin ditu azken urteetan Aramaion Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren baitan eta herritarrengandik jasotako kontu bitxiak aipatu zituen. Kontu horietako batzuk hiztunen ahotan entzun eta ikusi ere egin ahal izan zituzten bertaratutakoek.
Aramaioko aditz-taulak liburuxka pdf formatuan eskuratu daiteke Badiharduguren webgunean bertan, edo baita Ahotsak.com webguneko argitalpenen atalean ere.