Hiztun berriak euskarara gerturatzeko gakoak hizpide, atzo Eibarren
2017-05-24 ¦ transmisioa
Bi ikerketa soziolinguistiko eta bost lekutako esperientziak ezagutzeko aukera izan genuen atzo, Euskararen Transmisioari buruzko VII. Mintegian, Eibarren.
Gozamena da euskarara gerturatzeko giltzetako bat. Plazera, ondo pasatzea. Ilusioa. Horixe da atzo Eibarko Portalea kultur etxean ateratako ondorioetako bat. Eta Kitto euskara elkarteak antolatutako mintegian euskararen transmisioarekin arduratuta gauden hainbat lagun bildu ginen, urtero legez. Aurten hiztun berriak izan dira hizpide nagusia. Izan ere, EAEn 16 eta 24 urte bitarteko gazteen %50 baino gehiago euskal hiztun berriak dira (VI. Inkesta soziolinguistikoa) eta migratzaileak ere urtetik urtera gehiago dira.
Egitaraua oparoa eta interesgarria izan zen, hausnarketarako bide ugari eman zituena. Goizeko 09:00etan hasi eta bazkalordua bitarte, zazpi hizlarik hartu zuten hitza. Bi ikerketa soziolinguistikoz gainera, tokian tokiko bost esperientzia ezagutzeko aukera ere izan genuen: Soraluze, Lasarte-Oria, Tolosaldea, Agurain eta Tutera.
Deustuko unibertsitateko Estibaliz Amorrortuk euskal hiztun berriekin egin duten ikerketaren berri eman zuen: hirutik batek nahikotxo erabiltzen du euskara, baina %50ak beti gaztelaniaz hitz egiten du. Euskara erabiltzeko aukerak, oztopoak, "mudantza" uneak... hainbat gako eskaini zituen. Mario Zapata soziologoak, berriz, migratzaileen harreran hizkuntzen trataera nolakoa den aztertu du, administrazioz kanpoko eragileen kasuan. Esan zuenez, ez dago protokolo zehatzik, eta sarritan gaztelania lehenesten da. Arlo horretan asko dago egiteko.
Urtxintxa aisia elkarteko Maite Asensiok ere etorri berriak izan zituen ahotan. Tolosaldean hiru talde dituzte, atzerritik etorri diren 6 eta 16 urte bitarteko neska-mutikoek aisialdian euskaraz goza dezaten. Jolasen bitartez eta ondo pasatuz hurbiltzen dira euskarara. Gaztetxoek euskara inposatutako hizkuntza moduan ikustea, eskolako hizkuntza soil gisa, arazo bilakatu da toki askotan, eta garrantzitsua da eurek aukeratutakoa dela sentitzea.
Jose Mari Agirretxek, Porrotx pailazoak, umorea eta bizipoza izan zituen hizpide, bere ibilbidean beti lagun izan dituenak. Euskararekin duen harremana azaldu zigun, bere esperientzia pertsonala, eta baita Lasarte-Orian euskararen alde egindako lanak ere. Euskararen aldeko maratoiak, besteak beste. Euskaldunak aktibatu eta hiztun berriak erakartzeko, ilusioa eta parte hartzea ezinbestekoak dira. Magia ere egin zuen Porrotxek, eta entzuleak barrezka jarri gintuen behin eta berriro.
Lasarte-Orian euskararen alde egiten dituzten maratoien bidetik doa Agurainen egin dutena ere: 75 Ordu Euskaraz ekimenaren nondik norakoak azaldu zituen Asier Lafuentek, herriko euskaldunentzat oso arrakastatsua eta motibatzailea izan den proiektua.
Ebete-ko Arrate Gisasolak Soraluzeko herri eskolako guraso ia euskaldunekin dihardu lanean. Dezente baitira euskara ulertu bai baina erabiltzen ez dutenak. Elkarrizketa elebidunak proposatzen ditu, haiek euskarara gerturatzeko eta aldi berean gainerako gurasoek euskara erabiltzen jarraitzeko.
Nafarroako Erriberan euskararen egoera zein den eta azken urteotan Argia ikastolak izan duen garapena ere ezagutu genituen, Argiņe Korta eta Maru Erizen eskutik. Euskara ez da ofiziala Tuteraldean, eta euskal hiztun berriak gero eta gehiago diren arren, ez da erraza erabileran eragitea.
Mahainguruak eman zion bukaera mintegiari. Jaime Altuna ikerlariak gidatu zuen, eta entzuleek ere hainbat iritzi eta hausnarketa jarri zituzten mahai gainean. Bazkarian ere izan zen gaian sakontzeko aukerarik, janari goxoarekin eta giro ederrean.
Xehetasun eta argazki gehiago, Eta Kitton. Hitzaldiak bideoz grabatu zituzten, eta online jarriko dituzte.