Gazteak eta migratzaileak euskarara hurbiltzeko gakoak, Euskararen Transmisioaren IX. Mintegian
2019-03-13 ¦ transmisioa
Euskararen transmisioa hizpide, Eta Kitto!-ren IX. mintegian, atzo goizean Eibarren. Badihardugu elkarteko kideok ere parte hartu genuen, hezkuntzan egiten ari garen lana ezagutarazteko.
Euskararen transmisioa. Luze eta zabal jarduteko gaia da. Transmisioa eskolan, aisialdian, etxean. Euskararen erabilera gazteen artean, migratzaileen artean. Euskara informalaren beharra. Ahozkotasuna nola landu. Hainbat gai jorratu ziren atzoko mintegian, Eibarko Portalea kultur etxean, Eta Kitto! euskara elkarteak antolatutako IX. mintegian.
Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak ahozko testigantzen transmisioaz jardun zuen, "Ahozko ondarea hezkuntzara bideratzen" izeneko hitzaldian. Ahotsak Ikasgelan proiektuaren berri eman zuen, eta bide batez baita proiektu hori elikatzeko darabiltzaten hiru proiektuei buruz ere: Ahotsak.eus (adinekoen elkarrizketak bereziki), Gazte Gara Gazte (gazteen ahotsak) eta 101 eLe (migratzaileak eta hizkuntza aniztasuna).
Zortzi adituk hartu zuten parte mintegian, hainbat alorretakoak: inmigrazioa, gazteak eta aisialdia, turismoa, ahozko ondarea... Jaime Altunak gidatutako mahainguruarekin eman zioten amaiera mintegiari (argazkian, Altuna, Jokin Uranga, Petra Elser eta Idoia Etxeberria). Mintegiari buruzko informazio xeheagoa izateko, hizlari bakoitzaren jarduna nondik nora joan zen, ikus Eta Kittoren albistea
Eskerrik asko antolatzaileei, urtero legez proiektu interesgarriak ezagutzeko aukera eta hausnarketarako hainbeste bide eskaintzeagatik.