Alejandro Telleria "Alkate Txikixa" omentzeko ekitaldiko ikus-entzunezkoa ekoitzi du Badihaarduguk
2020-09-25 ¦ badihardugu
Eibarko Udaleko EGOIBARRA Batzordearen enkarguz, Alejandro Telleria Alkate Txikixa II. Errepublika aldarrikatu zuen alkate eibartarraren inguruko ikus-entzunezkoa ekoitzi du Badihardugu Elkarteak, haren omenaldirako. Atzo aurkeztu zen Eibarko Coliseoan ospatutako Udalbatza berezian.
Alejandro Telleria Eibarren jaio zen 1876an eta gaztetatik murgildu zen mugimendu sozialistan, ofizioz grabatzailea bazen ere. 1920ko apirilaren 1eko udal hauteskundeetan alkate hautatu zuten, baina urtebetera kargugabetu egin zuten, ustez armada iraintzen zuen eta Alkatetzako zigilua zuen orri solte batengatik.
1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan berriz ere garaile atera zen eta bi egunera II. Errepublika aldarrikatu zen Eibarren. Alkatetzan jarraitu zuen, 1934ko Urriko Iraultzako liskarrengatik ihes egin behar izan zuen arte. Iruņeko kartzelan espetxeratu zuten beste ehunka eibartarrekin batera eta 1936ko otsailean absoluzioa lortuta, alkatetzara bueltatu zen. Hala ere, hilabete gutxira gerra hasi zen eta, hasieran Eibarren geratu bazen ere, 1938an Santanderrera ihes egin zuen eta handik Sestaora, Frantziarako bidean. 1938ko urrian Donostia aldean atxilotu eta Burgoseko espetxera eraman zuten lehenengo eta Valdenocedako kontzentrazio-esparrura geroago. Hango bizi-baldintza txarrak zirela eta, gaixotu eta Burgosko ospitalera eraman zuten. Bertan hil zen 1939ko urriaren 24an eta Burgosko San Jose hilerrian dago lurperatuta.
Alejandro Telleria Alkate Txikixa gogoratzeko, atzo, irailaren 24an, Udalbatza berezia eta omenaldia egin ziren Eibarko Coliseo eraikineko areto nagusian. Bertan Badiharduguk ekoitzitako ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izan zuten gonbidapen bidez bertaratutakoek.
Atzoko ekitaldia hemen ikusgai.
Ekitaldiaren inguruko albistea Eta Kitton.