Hika ikastaroa Oņatin emakumeentzat, Jabetze Eskolan, azarotik aurrera
2020-10-22 ¦ hitanoa
Oņatin noka biziberritzeko dagoen beharra ikusita, Ingo Xonau! ekimenetik emakumeentzat hika ikastaroa antolatu dugu, Jabetze Eskolan. Zabalik dago izena emateko epea. Animatu!
Ingo xonau! proiektuaren asmoa Oņatiko noka biziberritzea da, eta hainbat jarduera egiten ari gara norabide horretan. Besteak beste, hika ikastaroa antolatu dugu; emakumeentzat, behar handiena beraiek dutelako (aurrerago ikastaro mixtoak egitea ere aurreikusten dute). Oņatiko Jabetze Eskolan izango da ikastaroa: azaroaren 10etik otsailaren 2ra bitartean, astean bi ordu (18:00-20:00), 20 euroren truke. Aste honetan ireki dute izena emateko epea, www.oñati.eus helbidean formularioa beteta. Arin ibili, plaza gutxi daude eta!
Ikastaroan noka eta toka, biak ikasteko aukera egongo da, eta bide batez genero ikuspegia ere landuko da, ez baita kasualitatea emakumeen aditz-formak galdu izana eta gizonezkoenak bizirik irautea. Noka berreskuratzea emakumeentzat ahalduntze-tresna ere izan daitekeela uste dute. Beatriz Irizar izango da irakaslea. Hikaduna da, eta Ingo Xonau! proiektuan parte hartzen dihardu hasieratik: elkarrizketatuetako bat izan zen, eta emakume nokadunak zenbat ziren jakiteko egindako ikerketa-diagnostikoan ere asko lagundu zuen.