"Eibarren Aniztasuna Ikasgai" proiektua aurkeztu genuen atzo
2020-11-26 ¦ aniztasuna
Eibarren Aniztasuna Ikasgai proiektuaren helburua herriko aniztasuna ezagutaraztea da. Hainbat jatorritako ikasle eta gurasoak elkarrizketatu ditugu, zazpi ikastetxetan. Testigantza horiekin bi ikus-entzunezko gertatu ditugu, eta baita ikasgeletan erabiltzeko ikasmateriala ere. Sarean daude, interesa duenaren eskura!
Eibarren Aniztasuna Ikasgai proiektua aurkeztu genuen atzo, Badiharduguk egindako eta AKEBAIk zein Eibarko Udalak babestutako lana. Eibarko aniztasuna jaso eta ezagutaraztea du helburu, eta euskarak integrazio-hizkuntza gisa duen balioa erakustea ere bai. 2019-2020 ikasturtean zehar 10 ikasle eta 10 guraso elkarrizketatu genituen, LHko zazpi ikastetxeetan, eta jasotako testigantzekin ikasmaterial txiki bat eta bi bideo prestatu ditugu, bata laburra eta bestea luzea.
Atzo Eibarko udaletxean egindako prentsaurrekoan bideo laburra erakutsi genuen, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu. Eibarren elkarrizketatutako guztien bideo-pasarte aukeratuak 101 L webguneko Eibarko orrian ikus daitezke, Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzeko sortutako proiektuaren barruan. Bi ikus-entzunezkoak eta ikasmateriala, berriz, Ahotsak Ikasgelan webgunean, Badiharduguk jasotako ondarea ikastetxeetara bideratzeko sortutako webgunean.
Informazio gehiago: akebai.eus webgunean.
Mila esker proiektua posible egin duten guzti-guztiei!
Argazkian, atzoko prentsaurrekoan bildutakoak: Eibarko Udaleko ordezkariak (AKEBAI, teknikariak eta zinegotziak), irakasleak eta Badihardugu elkarteko langileak. (Iturria: akebai.eus)