Azkoitiko hitanoa eta, bereziki, noka indartzeko proiektua martxan
2021-06-03 ¦ hitanoa
Joan zen astean hitanoa bultzatzeko proiektua aurkeztu zen Azkoitian. Abiapuntu moduan, proiektuari irudia eta leloa jartzeko, logotipo lehiaketa jarri du martxan Azkoitiko Udalak. Uztailean bertso-saioa eta mahaingurua egingo dira. Badihardugu Elkarteak ere parte hartuko du proiektuan eta herrian jasotako testigantzekin hikaren inguruko bideo labur bat prestatuko dugu urte amaierarako.
Hitanoaren erabileraren eta, batez ere, nokaren gainbeherak kezkatuta, hainbat proiektu bideratu dira azken urteetan han eta hemen. Adibide moduan, martxa onean doa Oņatin duela zenbait urte abiatu zen Ingo Xonau! proiektua.
Azkoitian ere kezka eragin du zenbait herritarren artean nokaren beherakadak eta hitanoaren trakesteak. Xabier Eizagirre azkoitiarra izan da kezka hori agertu dutenetako bat. Urte askoan IRALEn irakasle lanean ibilia da eta hitanoaren inguruko hainbat ikastaro eman izan ditu. Berak dioenez, askok esan izan diote hitanoa Azkoitian eta Azpeitian dagoela bizien, baina "urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau". Hala adierazi zuen bere ikuspegia, joan zen ostiralean Azkoitiko Udaleko Pleno Aretoan proiektua aurkezteko egin zen prentsaurrekoan. Mari Jose Arregi euskara zinegotziak aurkeztu zuen Azkoitiko hika bultzatzeko proiektua eta, ondoren, Eizagirrek hitanoaren egoeraren berri eman zuen. Proiektua bideratzeko lanean ari diren Irati Lizarralde eta Naia Arrizabalaga gazteek, berriz, euren ikuspuntua azaltzeaz gain, Udalak martxan jarri duen logo lehiaketaren berri eman zuten. Proiektuari irudia eta izena jartzeaz gain, herritarren parte-hartzea bultzatzea da lehiaketa horren helburua. 16 urtetik gorako edozein herritarrek parte har dezake eta irabazleak 600 -ko saria jasoko du. Lehiaketaren oinarriak Azkoitiko Udalaren web orrian aurki daitezke.
Prentsaurrekoaren amaieran Badihardugu Elkarteko Aintzane Agirrebeņak ere hitz egin zuen. Azkoitiko hitanoa bultzatzeko proiektuaren barruan hamar elkarrizketa egingo ditugu aurten eta jasotako testigantzekin bideo labur bat prestatuko dugu Euskararen Egunerako. Orain arte egindako elkarrizketak dagoeneko Ahotsak.eus-en daude katalogatuta eta datozen asteetan landu eta sareratuko ditugu.
Prentsaurrekoan aipatu zen beste kontu bat hika bertso-saio bat egiteko ideia izan zen. Mari Jose Arregi Azkoitiko Udaleko euskara zinegotziak atzo eman zituen ekimen horren inguruko xehetasunak. Uztailaren 7an, arratsaldeko 7retan, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan hikaren inguruko bertso saioa eta mahaingurua egingo dira. Bertso saioan parte hartuko duten bertsolariak Andoni Egaņa eta Eli Pagola izango dira eta gai-jartzailea, berriz, Imanol Artola Felix. Mahainguruan Eneritz Artetxek jarriko ditu gaiak eta Xabier Eizagirre izango da mahaikide gonbidatua.
Joan zen asteko aurkezpenaren inguruko albistea Erlo telebistan.
Argazkia: Goretti Aldalur (Azkoitiko Udala).