Eskoriatzako San Juanei buruzko ikus-entzunezkoa aurkeztu genuen atzo, San Juan bezperaz
2021-06-24 ¦ badihardugu
Atzo arratsaldez, San Juan bezperan, hain zuzen ere, Eskoriatzan jai honek izan duen bilakaera ezagutzeko aukera polita izan genuen Zaldibar antzokian. Badiharduguk egindako 17 minutuko ikus-entzunezkoan naturako hiru elementu dira protagonista: tantaia, sua eta landareak.
San Juan bezperan, kintoek "txopua jasotia" egiten dute Eskoriatzan; tantai egokia aukeratu, bota eta gaua iristearekin batera herriko plazan jaso. Horrekin batera, Euskal Herriko txoko gehienetan bezala, sua piztu ohi da. Baina ez plazan bakarrik, baserrietako ortuetan ere bai. San Juan eguneko goizean, landare eta loreak batu eta baserrietako sarreretan ipintzen dira. Sendor edo sortak egiteko ere erabiltzen dira. Egun berezi honetan, ate gainetan ipintzeko gurutzetxoak ere egin ohi dira. Urte osoan etxea babesten egon ondoren, sendor eta gurutzeak hurrengo urteko San Juan sutan erreko dira.
Atzoko emanaldian, eskoriatzarrak ohitura hauei buruz hitz egiten entzun ahal izan genituen. Ikus-entzunezkoa osatzeko, 7 pertsona elkarrizketatu genituen, hainbat belaunaldi eta auzotakoak, eta, eskertza moduan, dokumentalaren kopia bana jaso zuten ekitaldian.
Hementxe duzue ikus-entzunezko berria, guztion gozagarri. Biba San Juen!
Atzo aurkeztutakoarekin hiru dira jada Eskoriatzako jaiei buruz Badiharduguk eta Eskoriatzako Udalak elkarlanean ekoitzitako ikus-entzunezkoak; Santa Agedari eta Inauteriei buruzkoak 2014an aurkeztu ziren.
Eskoriatzan lan handia egin da ahozko ondarea jasotzeko, 2002. urtetik hona. Eta baita ondare hori zabaltzeko ere: 1000 testigantzatik gora daude Internetera igota, Ahotsak proiektuaren barruan. Hezkuntzan ere aritu gara, Eskoriatzako ikastetxeetan, Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan, ikasgeletan ahozko ondarearen transmisioa egiten. Aurten, dagoeneko desagertuta dagoen Axtroki euskara elkarteak ere proiektuari bultzadatxoa eman nahi izan dio. Elkarte horri esker, Eskoriatzako ahozko ondarearen lanketarekin jarraitu ahal izan dugu eta, beste hamar elkarrizketa lantzeaz gain, 317 audio eta bideo pasarte sareratu ditugu.
Eskerrik asko, beraz, Axtroki Elkarteari eta baita Eskoriatzako Udalari ere!