« Itzuli albistegira

Ahotsak eta Hike eizan! proiektuetan parte hartu duten herritarrak omendu zituzten atzo Azkoitian

2021-12-03  ¦  ahotsak

Atzo, euskararen egunaren bezperan, Azkoitiko Ahotsak eta Hike eizan! proiektuetan parte hartu duten herritarrei omenaldi goxoa egin zitzaien Azkoitian. Hike eizan! Azkoitiko hitanoa bultzatzeko proiekturako prestatu dugun bideoa eta hitanoko adizki erabilienak jasotzen dituen eskuorria ere aurkeztu ziren ekitaldian.

Hikaren eta, batez ere, nokaren beherakada ikusita, Azkoitiko hitanoa bultzatzeko proiektua jarri zuen martxan Azkoitiko Udalak, zenbait herritarren laguntzaz: Hike eizan!. Badihardugu Euskara Elkarteak hikaren inguruko hamar elkarrizketa burutu ditu herrian 2021ean zehar. Elkarrizketa guztiak landuta eta ikusgai daude Ahotsak.eus-en: guztira 200 bideo-pasarte baino gehiago. Batutako testigantzekin Azkoitiko hikaren bilakaera erakusten duen bideo labur hauxe prestatu dugu. Atzo Azkoitiko Udaleko pleno aretoan aurkeztu zen bideoa eta proiektuan parte hartu duten guztiei bideoen kopiak banatu zitzaizkien, esker modura. Baina ez ziren izan omendu bakarrak. Izan ere, Udalak iaz Azkoitiko Ahotsak proiekturako elkarrizketatutako 12 lekukoak ere omendu nahi izan zituen atzoko ekitaldian. Guztira 80 lekukoren testigantzak biltzen dira Ahotsak.eus-en eta 1300 bideo-pasarte baino gehiago daude ikusgai dagoeneko.

Horrez gain, Xabier Eizagirre azkoitiarrak herriko adizki erabilienekin prestatutako eskuorria ere banatu zitzaien bertaratu ziren guztiei. Xabier Eizagirre izan da Azkoitiko hitanoa biziberritzeko proiektuaren bultzatzaile nagusiena. Hitanoko adizki guztien taulak osatzen dihardu zenbait herritarren ekarpenekin eta, aurrerapen gisa, adizki erabilienak bildu ditu eskuorri batean. Azkoitiko Udalak argitaratu du eskuorria eta etxe guztietara banatuko da gaurtik hasita.

Atzoko ekitaldiari amaiera emateko, Xabier Eizagirrek berak Nemesio Etxanizen hitzak dituen Ez niñan uste izeneko tango ederra abestu zuen, Mari Jose Arregi euskara zinegotziak esku-soinuarekin lagunduta.

Gure aldetik ere eskerrik beroenak proiektuan parte hartu duzen guztioi!

Argazkia Goretti Aldalurrena (Azkoitiko Udala). Argazki gehiago Azkoitiko Udalaren web orrian.