Bonbardaketa egunetako ibilbideak Gerrako Ahotsak webgunean
2022-04-28 ¦ ahotsak
Duela 85 urte, Gerra Zibileko bonbardaketen eraso krudelenak egin zituzten abiazio nazional, italiar eta alemaniarrek. Bonbardaketa egun haiek nola bizi izan ziren eta zer eragin izan zuten ulertzeko, zenbait ibilbide sortu ditugu Ahotsak.eus-eko testigantzak ardatz hartuta. Gerrako Ahotsak webgunean daude ikusgai.
1937ko udaberrian gertatu ziren Gerra Zibileko bonbardaketa gehienak, hegazkin espainiar, italiar eta alemaniarrek hainbat herriren aurkako eraso krudelak hasi zituztenean. Gerrako lehenengo bonbardaketekin alderatuta, hauetako asko zibilen kontra egin ziren, biztanlerian zegoen izua areagotuz eta kaosa sortuz. Eibar, Durango, Gernika, Arrasate, Bergara... herri askotan izan ziren bonbardaketak eta hildako ugari eragin zituzten; baita kalte material handiak ere.
Egunotan, Gerra Zibilaren ondorioak gogoratzeko ekintza ugari antolatu dira. Besteak beste, Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 Elkarteak apirilaren 25ean gerran hildako elgetarrak omendu zituzten; Eibarko Udalak hitzaldi, tailer, ibilaldi eta bestelako ekimenak antolatu ditu apirilaren 25etik maiatzaren 7ra bitartean; eta, Gernikan, Gernika 2037 Memoriaren Mapa webgunea aurkeztuko dute bihar, apirilaren 29an, Astran.
Badihardugu Euskara Elkarteak, Euskal Herriko Ahotsak proiektuko lekukotasunetan oinarrituta, Gerrako Ibilbideak izeneko atala sortu zuen Gerrako Ahotsak webgunean 2020an, herrika eta gaika, gerrari buruzko ibilbideak sortzeko.
Sei ibilbide sareratu dira dagoeneko, horietako bi Eibarko eta Gernikako bonbardaketa egunetan oinarrituak. Ibilbide guztiak lehenengo pertsonan kontatutako pasarte geolokalizatuekin osatuta daude eta webgunean bistaratzeaz gain, PDF eta GPX formatuan deskargatu daitezke.
Badihardugu Euskara Elkarteak lanean dihardu gerrako ibilbide gehiago sortzen eta herri gehiagotara zabaltzen, eta laster egondo dira ikusgai Gerrako Ahotsak webgunean.