Adineko pertsonen zaintzaileentzat euskarazko oinarrizko hiztegitxoa prestatu dugu
2022-06-24 ¦ badihardugu
Azkoitiko Udalaren eskariz, Esaizu euskeraz! poltsikoko hiztegitxoa prestatu dugu, Azkoitian adinekoen zaintzan lanean dihardutenentzat. Hiztegitxoaren helburua zaintzaileak euskarara gerturatzea da.
Mendekotasuna duten pertsonen zaintzan lanean diharduten askok euskararen ezagutzarik ez dutela ikusirik eta adineko pertsonentzat euskara ezinbestekoa dela jabetuta, Azkoitiko Udalak oinarrizko hiztegitxo bat kaleratu du: Esaizu euskeraz!. Badihardugu Euskara Elkarteko Aintzane Agirrebeņa arduratu da testuen edukiez. Testuaren egileak eta Mari Jose Arregi Azkoitiko Euskara Zinegotziak aste honetan aurkeztu dute hiztegitxoa Izarraitz Lanbide Heziketan mendeko pertsonei gizarte eta osasun arreta emateko ikastaroa egiten ari diren ikasleen aurrean eta hiztegitxoaren aleak ere banatu dituzte.
Euskarak gertutasuna eta konfiantza ematen die nagusiei. Euskaraz bizi izan dira beti eta askotan kostatu egiten zaie euren nahiak eta beharrak gaztelaniaz adieraztea edo gaztelaniaz esaten zaiena ulertzea. Kaleratu berri den hiztegitxo honen helburua zaintzaileek haiengana zuzentzerakoan euskarazko gutxieneko hitz batzuk erabil ditzatela lortzea da. Horretarako, hiztegian Azkoitiko ahozko formak jartzea erabaki da, forma horiek izango baitira adineko pertsonekin erabili beharrekoak . Hutsetik abiatuta euskaraz hitz egiten hastea ez dela erraza jakinda, adinekoen egunerokotasuna hartu da kontuan hitzak eta esaldiak aukeratzerakoan eta oinarrizkoenak bakarrik bildu dira.
Interesa duen ororentzat hiztegitxoa deskargatzeko aukera, hemen.
Hiztegitxoaren eta aurkezpenaren inguruko azalpen gehiago Azkoitiko Udalaren webgunean.