Appa hi! aplikazioaren batuko bertsioa aurkeztuko dugu bihar, Durangoko azokan
2022-12-06 ¦ hitanoa
Iaz Oñatiko hika ikasteko aplikazioa aurkeztu genuen, Appa hi!, eta harrera bikaina izan du. Orain, euskara batuko bertsioarekin gatoz: Durangoko azokan aurkeztuko dugu, bihar, abenduaren 7an; 18:00etan, Kabia aretoan. Gonbidatuta zaude! Standa ere izango dugu azokan.
Appa hi! aplikazioaren euskara batuko bertsioa prest dago. Hitanoa ikasteko aplikazioa da eta Durangon aurkeztuko dugu, bihar, azokako lehenengo egunean: abenduaren 7an, Kabia aretoan egongo gara, 18:00etan. Badihardugu euskara elkarteak garatu du, CodeSyntax-ekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Iazko azaroan Ońatiko hika ikasteko aplikazioa plazaratu genuen, Oñatiko Udalari esker. Arrakasta izan zuen, eta horrek animatu gintuen batuko bertsioa prestatzera.
Bi urtean ez gara Durangoko azokara joan, baina aurten Badiharduguk standa izango du berriz. Bertan, batez ere euskalkiekin lotutako materiala eskuratzeko aukera egongo da. Egin bisitatxo bat!
Appa hi! aplikazioak bost astean hika egiten ikasteko aukera ematen du. Jolastuz ikasi: modu errazean, jolasean, ia konturatu gabe 5 astean hitanoaren oinarriak ikasteko aukera ematen du. Hitanoaren oinarri teorikoak eskaintzen ditu, baina ikasketa prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da. Doakoa da. Android zein Apple telefonoetarako dago eskuragarri. Deskargatu, eta hasi jokatzen!
Egunero pilula batean, 35 egunean, informazio jakin bat ematen da: azalpenak. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera dauka erabiltzaileak. Bestela, berriro saiatu daiteke: partidak errepikatu ditzake. Nahi beste aldiz, ondo egin arte. Astero errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua. Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, azkarrenak, bost astean lortuko du hitanoa ikastea. Noka zein toka.
Aplikazioko testuak eta galderak Aintzane Agirrebeñak eta Idoia Etxeberriak prestatu dituzte. Marrazkiak Mirari Sagarzazurenak dira eta audioak, berriz, Ritxi Lizartzarenak (Mintza hadi, lagun! liburuko CDrom-erako prestatutakoak). Lizartza bidelagun izan dugu, aholkulari, abentura honetan.
Badihardugu elkarteak Oñatiko Ingo Xonau! proiektua koordinatzen du. Bertan jaio zen aplikazioa egiteko ideia, teknologia berriak lagun hartu, eta bereziki gazteengana gerturatzeko asmoz. Ingo xonau! proiektua herri ekimenetik sortu zen, 2019an, Oñatin hitanoa biziberritzeko, herrian noka galtzen ari zelako. Oñatin egin duten guztia ezagutzeko, ikus Ingo xonau!.