Appa hi!, hitanoa ikasteko eta praktikatzeko aplikazioa, doan zure mugikorrerako
2022-12-27 ¦ hitanoa
Hitanoa, alokutiboa, toka, noka... ez dakizula zer diren? Edo etxean jaso duzu oinarriren bat, baina ez duzu hitz egiteko ohiturarik? Oraintxe duzu aukera hori guztia oso modu errazean praktikatzeko eta ikasteko, baita hutsetik hasita ere, Appa hi! aplikazioari esker. Bost astean, zailtasunik gabe, hitanoaren oinarrizko egitura guztiak eskainiko dizkizugu eta, galdera-erantzun bidez, hika hitz egiten hasteko behar adina erreminta izango duzu.
Durangoko Azokako lehenengo egunean Kabia gunean izan ginen Appa hi! aplikazioaren azkenengo bertsioa aurkezten. Oraingo honetan, Euskara Batua oinarri duen bertsioa aurkeztu dugu, duela urtebete Oñatikoa aurkeztu ondoren.
Eta, zer da Appa hi! aplikazioa? Bada, hika hitz egiten ikasten lagunduko dizun aplikazio edo tresna berri bat, ondorengo ezaugarri nagusiekin:
- Toka (mutilei egiteko hika) eta Noka (neskei egitekoa) landuko dituzu.
- Informazio teorikoa ere jasoko duzu, baina galdera-erantzun arinak dira aplikazioaren oinarria.
- Edonorentzat baliagarri, ezagutza pixkat izan ala ez, adinekoa izan ala gazte.
- 35 eguneko epean hasi eta bukatzeko modukoa.
- Doakoa da.
- Android zein Apple telefonoetarako dago eskuragarri.
Hika hitz egiten kalean eta etxean ikasten zen garai batean, haurrak hazi ahala, euskarazko gainontzeko erregistro eta formekin batera. Zoritxarrez, gaur egun transmisio hori etenda edo oso moltelduta dago eskualderik gehienetan eta hitanoaren lekua gero eta txikiagoa da. Hitanoa bizirik dagoen lekuetan ere, askotan nesken artekoa galtzen ari da eta hiperhitanoa moduko mintza-moldeak sortu dira.
Etxean eta lagun artean hizkera mota hori berez jaso ez dutenei erreminta bat eskaini nahi diegu, lehen urratsak eman ditzaten. Lehendik ere badira liburuak, webguneak, ikastaroak... eta orain APP bat ere izango dute lagungarri. Badakigu APP baten bidez ezin dela hizkuntza bat (edo hizkera-erregistro bat) erabat menderatu, baina bai oinarria jaso, lehenengo urratsak eman eta beldurra galdu. Bide horretan lagun izan dezakezu Appa hi!.
Ikasi hika hitz egiten 35 egunean
Egunero 10-15 minutuan praktikatzen baduzu, 5 astean hika egiten hasteko prest izango zara. Horixe izan da gure buruari jarri diogun erronka: 35 eguneko epea.
Bai, 35 egunean, egunero pilula batean, informazio jakin bat ematen da: azalpenak, taulak, marrazkiak audioak eta bideoak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator, zuzen asmatu beharreko partidak. Galdera guztiei ondo erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera izango duzu. Astea bukatzean, errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera.
Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bana. Muga bat ipini diogu, halaber, gure APPari: erabiltzaileak ezingo du egunean maila edo ikasgai bat baino gehiago aurreratu. Gaur gaurko lanak egin beharko ditu eta, ondo eginez gero, bihar beste ariketa-sorta bat irekiko zaio. Eta horrela 35 egunez.
Nork bere erritmora egin dezake prozesua. Egunero pilula bat osatuz gero, azkarrenak 5 astean lortuko du atal guztiak osatzea eta hitanoaren oinarri guztiak lantzea.
Hizkuntzaren alderdi bat praktikatzeko aplikazioa da Appa hi!, baina lasai, betiere alderdi ludikotik abiatuta. Hitanoaren alderdi teorikoa eta aditz-taulak ere aurkeztuko dizkizugu, baina ikasketa prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da.
Amaieran, hitanoaren oinarriak jasota eta berriketarako beldurra galduta egongo da ikaslea. Hortik aurrera, lagun artean hika hastea baino ez zaio faltako. Eta erabiltzaileak beti izango du bere gailuan erabili duen material guztia: taulak, azalpenak, bideoak, audioak eta ariketak.
Oñatitik Batura, elkarlanean
Aplikazioa Badihardugu Euskara Elkarteak sortu du, CodeSyntax enpresaren laguntza eta garapen teknikoarekin. Aplikazioko testuak eta galderak Aintzane Agirrebeñak eta Idoia Etxeberriak atondu dituzte eta irudiak Mirari Sagarzazurenak dira. Audio eta bideo gehienak Euskal Herriko Ahotsak proiektukoak dira, beste iturri batzuetakoak ere bildu ditugun arren, batez ere euskara batuko bertsiorako.
Aplikazioaren lehenengo bertsioa Oñatiko Udalaren babesarekin egin zen 2021. urtean, Oñatiko hitanoa biziberritzeko Ingo xonau! proiektuaren barruan. App hau, beraz, Oñatin abiatutako lan haren emaitza da eta gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Ingo Xonau proiektuko kideei eta Oñatiko Udalari emandako babes eta laguntza guztiagatik.
Badihardugu Euskara Elkarteak euskara batuko informazio linguistikoa, aditz-taulak eta galdera-sortak ere sortu eta gehitu ditu aplikaziora 2022. urtean. Horretarako, Gipuzkoako Aldundiaren babesa eta Ritxi Lizartzaren laguntza eta aholkularitza izan ditugu; euskara batuko gaietako audioak ere Lizartzarenak dira (Mintza hadi, lagun! liburukoak). Eskerrik asko Ritxi abentura honetan bidaide izateagatik eta eskaini diguan laguntza guztiagatik.