« Itzuli albistegira

Leitzako hitanoa jasotzen duen liburua aurkeztu dute, "hiketan ikasteko"

2022-12-23  ¦  hitanoa

Hika eta noka. Noka ere toka! izeneko liburua aurkeztu zuten atzo arratsaldean, Leitzako Herri Aretoan. Fernando Oiartzunek Leitzako hiketari buruz egindako lana da, "hiketan ikasteko eta herria hobeki ezagutzeko" aukera ematen duena.

Fernando Oiartzun Sagastibeltzak atondu duen Hika eta toka. Noka ere toka! liburua aurkeztu zuten atzo, Leitzako Herri Aretoan. "Hiketan ikasteko eta herria hobeki ezagutzeko" egin dute, auzolanean, eta ALKE Leitzako kultur taldeak argitaratu du. Herritar mordoa hurbildu zen aretora, gazte zein adineko. Eta bertan izan ginen gu ere, Fernando Oiartzunek gonbidatuta. Aurkezpenean, liburuaren edukia azaltzeaz gainera, herritarren testigantzak ere erabili zituzten, emakumeak zein gizonak hiketan agertzen diren bideo-irudiak. 

Oiartzun duela bi urte hasi zen liburua prestatzen. Egundoko lana egin du: makina bat andre eta gizon elkarrizketatu ditu herrian, hikako formak jasotzeko. Liburuan 70 aditz-taula txiki datoz, eta ondoren adibideak: ahoz jasotako esaldiak. Noka eta toka, biak ezagutzeko eta ikasteko aukera ematen du. 

Hiketa jasotzearekin batera, herriko historia eta istorioak ere jaso ditu Oiartzunek, eta horiek ere eraman ditu liburura: herriko bizimodua, ohiturak, kondairak, emakumeen egoera... 80 kontakizun jaso ditu guztira, hika kontatuak guztiak ere. 

Leitzan hiketaren osasuna kili-kolo dago: emakumeen artean galzorian, oso gutxik hitz egiten dute eta gehienak oso adinekoak dira; gizonezkoen artean, berriz, gehienbat 40 urtetik gorakoek erabiltzen dute, gazteagoek oso gutxi. Noka da galduen dagoena, eta hortik dator izenburuko "noka ere toka": noka ikastea ere tokatzen dela, alegia. Hiketa biziberritzen hasteko lehenengo pausoa eman dute, beraz. Zorionak eta animo!

Argazkian: Fernando Oiartzun, atzoko aurkezpenean