« Itzuli albistegira

Appa hi! aplikazioak 5000 deskarga izan ditu dagoeneko

2023-02-01  ¦  hitanoa

Iaz aurkeztu genuen Appa hi! hika ikasteko aplikazioa. Oņatirako bertsioa aurkeztu genuen lehenbizi eta 2022ko Durangoko Azokan, berriz, euskara batuko bertsioa jarri genuen eskuragarri. 5000 deskarga izan ditu aplikazioak dagoeneko eta nabaria da hitanoaren inguruko interesa. Gure aldetik, beste hainbat herritako bertsioak sortzeko lanean jarraituko dugu!

Azken urteetan herri askotan ari dira sortzen hitanoa biziberritzeko proiektuak. Badihardugu Euskara Elkarteak ere parte hartu du horietako zenbaitetan. Esaterako, herri ekimenetik sortu zen Oņatiko Ingo Xonau! proiektuan burubelarri dihardugu lanean 2019a ezkero. Hikaren ezagutza eta erabilera bultzatu nahi horretan, Appa hi! hika ikasteko eta praktikatzeko aplikazioa sortu genuen 2021 amaieran Oņatiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Baina zer da Appa hi! aplikazioa? Bada, hika hitz egiten ikasten lagunduko dizun aplikazio edo tresna berri bat, ondorengo ezaugarri nagusiekin:

  • Toka (mutilei egiteko hika) eta Noka (neskei egitekoa) landuko dituzu.
  • Informazio teorikoa ere jasoko duzu, baina galdera-erantzun arinak dira aplikazioaren oinarria.
  • Edonorentzat baliagarri, ezagutza pixkat izan ala ez, adinekoa izan ala gazte.
  • 35 eguneko epean hasi eta bukatzeko modukoa.
  • Doakoa da.
  • Android zein Apple telefonoetarako dago eskuragarri.

Oņatirako bertsioa egin genuen lehenbizi eta, izan zuen arrakasta ikusirik, euskara batuko bertsioa aurkeztu genuen duela hilabete inguru Durangoko azokan. Aplikazioak 5000 deskargaren langa gainditu du dagoeneko, euskarazko APP gutxik lortzen dutena, eta horrek erakusten du badagoela hika ikasteko interesa.

2023an ere lanean jarraituko dugu aplikazioarekin eta helburua beste zenbait herritarako bertsioak sortzea izango da. Lanean dihardugu honezkero.

Animatu eta hasi hadi heu ere hika!