« Itzuli albistegira

Saturrarango kartzelan bizitakoen inguruko "La maleta de mi madre" liburuaren aurkezpena gaur Mutrikun

2023-03-28  ¦  memoria historikoa

Saturraran Elkarteak gonbidatuta, La maleta de mi madre bere lehen liburuaren aurkezpena egingo du Christine Martínez-Médalek gaur, martxoaren 28an, Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean. Bere amak Saturrarango kartzelan bizitako egoera lazgarriak kontatzen ditu liburuan.

Christine Martínez-Médalek memoria historikoa jaso eta ezagutzera eman nahi izan du La maleta de mi madre liburuan: Gerra Zibilaren ondorioz gurasoek bizi izandako errepresio guztiaren berri eman eta, batez ere, bere amak Saturrarango kartzelan bizi izandako tragedia kontatu nahi izan du. Concepción Illera Olivares(1915) Madrilgo Ventas kartzelatik urtebeteko semearekin Mutrikura bidali zuten, Saturrarango kartzelara. Semeak hamasei hilabete bete zituenean, gaixotu egin zen eta ez zuen gehiago ikusi. Hil egin zela esan zioten arren, ez zuen haren gorpurik ikusi eta inoiz ez zuen ziur jakin benetan hil ote zen ala mojek ostutako beste ume bat gehiago izan ote zen.

Liburuaren aurkezpena gaur egingo da, arratsaldeko 19:00tan, Zabiel Kultur Etxean. Saturraran Elkarteak antolatu du ekitaldia, izan ere, Mutrikuko Saturraran Elkartea gerra zibilaren memoria jaso eta zabaldu nahian ari da lanean. Dagoeneko hainbat hitzaldi eta ekitaldi antolatu izan dituzte eta, horrez gain, Gerra Zibilaren memoria jasotzen, biltzen, lantzen eta bistaratzen ari dira, Badihardugu Euskara Elkartearekin elkarlanean. Elkarteko kide diren Arantza Ugartek, Nerea Arrizabalagak, Roberto Sotok eta Agurtzane Urriolabeitiak egindako 34 elkarrizketa daude katalogatuta Ahotsak.eus webgunean eta horiek guztiak landu eta bistaratuko dira 2023an, Mutrikuko Udalaren laguntzarekin. Gerra Zibilaren arrastoei segika, ibilbideak ere egin dira Mutrikun, herritarren testigantzetan oinarrituta, bata landa-eremukoa eta bestea herrigunekoa. Gerrako Ahotsak webgunean aurki daitezke biak.