« Itzuli albistegira

Ahotsak-eko elkarrizketa bertso-sorta bihurtu du Jon Gurrutxagak

2023-07-11  ¦  ahotsak

Ekainaren 22an banatu zituzten Azkoitiko II. Hike eizan! bertsopaper lehiaketako sariak. Helduen kategorian bigarren saria lortu zuen Jon Gurrutxagak Urrategi auzoko Aurora Artetxeri eta Pilar Larrañagari Ahotsak.eus-erako egindako elkarrizketa erabili zuen bertso-sorta egiteko oinarri gisa.

Azkoitiko hika, eta batez ere noka, bultzatzeko abiatu zuen Hike eizan! proiektua Azkoitiko Udalak, zenbait herritarren laguntzarekin. Proiektua 2020an martxan jarri zenetik hainbat ekimen burutu dira, besteak beste, Ahotsak.eus-en ikusgai dauden hitanoaren inguruko hamaika elkarrizketa.

Bertsopaper lehiaketa eta hika bertso-saioa ere antolatu zituzten 2022an eta aurten bigarren edizioa prestatu dute. Ekainaren 22an izan zen hika bertso-saioa Andoni Egaña, Eli Pagola, Jesus Mari Irazu eta Nerea Elustondorekin. Saioan bertan II. Hike eizan! bertsopaper lehiaketako sariak banatu zituzten. 18 urtetik gorakoen mailan, lehenengo saria Izaro Zinkunegi errezildarrak jaso zuen Hire larrei, zure zaharrei bertso-sortarengatik. Azkoitia Saria, berriz, Naia Arrizabalaga azkoitiarrak irabazi zuen Lurraren Estalkiak bertso-sortarekin. 18 urtez azpikoetan lehenengo saria hutsik geratu zen eta bigarrena Aratz Iturbe 11 urteko azkoitiarrak irabazi zuen, Nire arrebari bertso-sortarekin. Azkoitia Saria, berriz, Garazi Larrañagak eta Laia Sudupek jaso zuten Gaur goizen jaiki naun izeneko bertso-sortarekin.

Helduen mailako bigarren saria Jon Gurrutxaga azpeitiarrarentzat izan zen. Gure bizitza hunan izenburua jarri zion bertso-sortari eta Ahotsak.eus-eko elkarrizketa bat erabili zuen oinarri moduan, hain zuzen ere, Urrategi auzoko Aurora Artetxeri eta Pilar Larrañagari egindako elkarrizketa. Hemen duzue bertso-sorta osoa entzuteko aukera, Jon Gurrutxagak kantatuta.

Argazkian, Jon Gurrutxaga, II. Hike eizan! bertsopaper lehiaketako sari-banaketan, saritutako bertsoak kantatzen. (Maxixatzen.eus-etik hartua)