« Itzuli albistegira

Eibarko hika ikasteko atala ere gehitu diogu Appa hi! aplikazioari

2023-11-17  ¦  hitanoa

Orain dela bi urte aurkeztu genuen Appa hi! aplikazioa, hika edo hitanoa praktikatu eta ikasteko aplikazioa. Aplikazioaren lehenengo bertsioak Oñatiko hika ikasteko aukera ematen zuen eta 2022an Euskara batuko hika praktikatzeko edukia ere erantsi genion. Oraingo honetan Eibarko hika ikasteko atalak gehitu ditugu. Gaur aurkeztu da bertsio berria, Eibarko hika ikasteko aukera ematen duena, Eibarko udaletxean. Aplikazioa Badihardugu Elkarteak garatu du CodeSyntaxekin elkarlanean.

Hizkuntzaren alderdi bat praktikatzeko aplikazioa da Appa hi!, baina lasai, betiere modu errazean eta alderdi ludikotik abiatuta. Hitanoaren alderdi teorikoa eta aditz-taulak ere aurkeztuko dizkizugu, baina ikasketa prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da. Euskaldun guztiei eskainia, gazte zein adineko, euskara-maila edozein dela ere. Doakoa da eta Android zein Apple telefonoetarako dago eskuragarri.

Egunero 10-15 minutu praktikatzen badituzu, 5 astean hika egiten hasteko prest izango zara. Horixe izan da gure buruari jarri diogun erronka: 35 eguneko epea.

Aplikazioa Badihardugu euskara elkarteak sortu zuen 2021ean, CodeSyntaxen laguntzarekin, eta orain arte euskara batuko hika eta Oņatikoa praktikatzeko aukera ematen zuen. Gaurtik aurrera, Eibarko hizkerak berezko duen hika lantzeko eta ikasteko aukera ere badaukagu aplikazioan.

Gaur goizean aurkeztu da bertsio berria Eibarko udaletxean. Bertan izan dira Badihardugu elkarteko presidente eta CodeSyntaxeko langile den Asier Sarasua, Eibarren AKEBAIko Ane Albisu, eta Eibarko alkate Jon Iraola, aplikazioaren bertsio honen garapenean hartu baitute parte Eibarko Udalak eta Egoibarra Batzordeak.