Leintz ibarreko herrietako bertsioak gehitu dizkiogu Appa hi! aplikazioari
2023-11-29 ¦ hitanoa
2021ean sortu genuen Appa Hi!, hitanoa ikasteko eta praktikatzeko aplikazioa, Codesyntaxekin elkarlanean. Oñatiko Ingo Xonau! proiektuaren baitan sortu zen lehen bertsioa eta 2022an Euskara batuko hika praktikatzeko edukia erantsi genion. Orain Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako atalak gehitu dizkiogu aplikazioari. Atzo egin zen bertsio berrien aurkezpena Leintz Gatzagako Gatz Museoan, herri guztietako udal ordezkariak eta teknikariak bertan zirela.
Badihardugu euskara elkarteak sortu zuen Appa hi! aplikazioa 2021ean, CodeSyntaxen laguntzarekin. Orain arte euskara batuko hika, Oñatikoa eta Eibarkoa praktikatzeko aukera ematen zuen. Gaurtik aurrera, Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako hika lantzeko eta ikasteko aukera ere badugu aplikazioan, lau herrietako Udalei esker. Atzo aurkeztu genituen lau herri hauetako bertsioak, Leintz Gatzagako Gatz Museoan, herri guztietako udal ordezkariak eta teknikariak bertan zirela.
Hitanoa edo hika euskararen erregistro bat den arren, nabaria da azken urteetan izan duen gainbehera. Gure aurrekoek lagunartean edo anai-arrebekin normaltasun osoz erabiltzen bazuten ere, transmisioa eten egin da eta gaur egun hikaren egoera ez da batere ona Euskal Herriko herri gehienetan. Leintz ibarreko herrietan ere antzekoa dela egoera azaldu zuen atzo Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako alkateak. Amaia Arana Arrasateko teknikari eta Udal euskaltegiko irakasleak euskararen tratamendu ezberdinen inguruko azalpenak eman zizkien bertaratutakoei eta hikaren transmisio falta azpimarratu zuen. Horrez gain, batez ere nokak (emakumezkoei zuzendutako hitanoak) izan duen beherakada nabarmendu zuen. Azkenik, Badihardugu Elkarteko Aintzane Agirrebeņak aplikazioaren inguruko azalpenak eman zituen eta aplikazioan aurki daitezkeen zenbait bideo ere erakutsi zituen, adibide gisa.
Appa hi! aplikazioaren helburua bost astean hitanoaren oinarria ikastea eta barneratzea da, baina betiere modu errazean eta alderdi ludikotik abiatuta. Hitanoaren alderdi teorikoa eta aditz-taulak ere aurkezten dira, baina ikasketa prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da. Euskaldun guztiei eskainia, gazte zein adineko, euskara-maila edozein dela ere. Doakoa da eta Android zein Apple telefonoetarako dago eskuragarri.
Egunean pilula edo ikasgai bat irekitzen da. Ikasgai horretan azalpen teorikoez gain, lagungarri izan daitezkeen irudi, testu edo ikus-entzunezkoak ere agertzen dira gehienetan, adibide gisa. Azalpenez gain, pilula bakoitzak galdera-sorta bat du eta, zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat zabalduko zaigu. Baina lasai, oker erantzunez gero ere aukera izango duzu behar adina aldiz saiatzeko eta! Egunero 10-15 minutu praktikatzen badituzu, 5 astean hika egiten hasteko prest izango zara. Horixe izan da gure buruari jarri diogun erronka: 35 eguneko epea.
Argazkian, Badihardugu Elkarteko Aintzane Agirrebeña eta Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako udal ordezkariak eta teknikariak. Iturria: mondraberri.eus