Elgoibarko euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztuko dugu gaur
2023-12-01 ¦ euskalgintza
Badihardugu Euskara Elkarteak 42 elgoibartarren testigantza bildu du Euskararen Historia Soziala Elgoibarren proiekturako, Elgoibarko Udalaren eskariz. Gaur Elgoibarko Herriko Antzokian egingo den Egin zenutelako gara! ekitaldian gerraostetik 1990era arteko euskararen historia soziala laburbiltzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztuko dugu. Elgoibarko Izarrak antolatu du ekitaldia; ezinbesteko bidelaguna izan da proiektu osoan zehar.
Gaur hitzordu garrantzitsua dute elgoibartarrek, izan ere, herriko historiaren zati bat ezagutu ahal izango da Elgoibarko Udalak Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak antolatu duten Egin zenutelako gara! ekitaldian. Herriko Antzokian izango da, arratsaldeko 18:00tan. Ekitaldian, Badihardugu Euskara Elkarteak prestatu duen Euskararen Historia Soziala Elgoibarren (1950-1990) ikus-entzunezkoa ikusi ahal izango da. Horrez gain, urte horietan euskara eta euskal kultura bultzatzen jardun duten herriko entitate, talde edo elkarteei eskertza egingo zaie.
Elgoibarko Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak euskalgintzaren gerraosteko memoria jaso eta zabaltzeko asmoz abiatu zuten Euskararen Historia Soziala Elgoibarren proiektua 2021ean. Proiektua abiatzeko lehen urratsa esparru ezberdinetan euskararen edo euskal kulturaren alde lanean jardun duten herritarren lekukotasuna jasotzea izan da. Guztira 42 herritar elkarrizketatu ditugu eta lekukotasun guztiak landuta eta pasarteetan antolatuta aurki daitezke Ahotsak.eus-en. Bildutako informazioarekin eta aurretik Euskal Herriko Ahotsak proiektuan jasotako lekukotasunekin euskararen historia soziala laburbiltzen duen ikus-entzunezko bat prestatu dugu, gerraostetik 1990era bitarteko historia jasotzen duena eta hainbat arlo jorratzen dituena: hezkuntza, euskalduntze-alfabetatzea, antzerkia, dantza, kantagintza... Gaur Herriko Antzokira gerturatzen diren herritarrek lanaren emaitza ezagutzeko aukera izango dute.
Argazkian, txistulari eta dantzariak Ongarri Kultur Elkartearen egoitza aurrean. (Ion Arrietak lagatako irudia)