Gaurtik abenduaren 10era bitartean Durangoko azokan egongo gara
2023-12-06 ¦ argitalpenak
Gaur zabalduko ditu ateak 58. Durangoko Azokak eta bertan izango gara aurten ere. Ahotsak.eus-Badihardugu elkartea stand-ean euskararen inguruko Euskal Herri osoko argitalpenak aurkituko dituzu. Animatu eta zatoz!
Iritsi da aurtengoan ere Durangoko Azoka. Guztira 257 erakusmahai egongo dira Landakon, 950 nobedaderekin: 689 liburu, 179 disko, 44 aldizkari... Horrez gain, urtez urte gehituz doazen aurkezpen eta ekitaldiek egitarau gero eta oparoagoa eskaintzen dute azokak irauten duen egunetan; 265 ekitaldi izango dira guztira. Gu ere azokan izango gara, euskararen gaineko liburuekin. Aurtengo gure nobedadeen artean Izotz ondoko eguzki dago, 1940-1980 urteen bitarteko Bergarako euskalgintzaren historia soziala jasotzen duen liburua.
Aurten hitanoa izango da gure mahaiko beste gaietako bat: hika ikasteko liburuxkak izango ditugu, hainbat herritakoak, Zumaiako hitanoa liburuarekin batera. Azkoitiko Esaizu euskeraz eta Oñatiko Esaiozu euskeraz! liburuxkak ere hortxe edukiko ditugu: adinekoen zaintzaileentzako esku-liburuak, eguneroko hitzak euskaraz eta gaztelaniaz biltzen dituztenak. Oñatin atera berri duten Gure katona hiztegia ere gurean egongo da salgai eta baita Aretxabaletako Loramendi elkarteak plazaratutako Hainbat ibilaldi eta istorio liburua ere.
Badihardugu Euskara Elkarteak urte asko daramatza Durangoko azokara joaten. Aurten ere euskara eta euskalkien inguruko argitalpenak jendearen eskura jartzea da gure asmoa. Hasierako urteetan Deba Ibarreko argitalpenak bakarrik biltzen genituen gure stand-ean, baina pixkanaka eremua zabalduz joan gara eta Euskal Herri osoko lanak batzen ditugu azken urteotan: Eibarko euskararen inguruko hainbat lan, Zarautz hizketan, Beasaingo euskara, Elgoibarko euskara: berbak, egiturak eta irakurgaiak, Elorrixoko berbetia, Oñatiko euskeria...
Horrez gain, transmisioa helburu duten argitalpenak ere aurki daitezke gure stand-ean, ume eta gaztetxoentzat prestatutakoak. Adibiderako, 2017an kaleratu genuen Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas liburua.
Hauek guztiak eta gehiago Durangoko Azokan aurkitu ahal izango dituzue , Badihardugu Elkartea-Ahotsak.eus stand-ean, Artekale 36an, gaur hasi eta abenduaren 10a bitartean. Animatu eta etorri!
Argazkia: Aintzane Agirrebeña Badihardugu elkarteko kidea, elkartearen stand-ean.