« Itzuli albistegira

Hika Eguna ospatuko dute larunbatean Oņatin, hirugarren aldiz

2024-06-19  ¦  hitanoa

Aurten ere 3. Hika Eguna antolatu du Oñatin Ingo Xonau! taldeak, Udalaren babesarekin. Hika-poteoa, hika-bazkaria eta hika-erromeria ibiltaria izango dira, larunbatean.

Larunbat honetan Hika Eguna egingo dute Oñatin, hirugarren aldiz. Egitarau xumea baina goxoa antolatu dute Ingo Xonau! taldekoek, iazkoaren antzekoa: hika-poteoa egingo dute lehenengo, hika-bazkaria ondoren (hika praktikatzeko jolasekin) eta arratsaldean EinGo taldearekin ibiliko dira herriko kaleetan zehar, tabernaz taberna, kantuan eta dantzan. Aurreko urteetan oso giro polita sortu izan da, eta hika praktikatu nahi duten guztiei animatzeko deia egin diete antolatzaileek.

Ingo Xonau! taldea Oñatin noka biziberritzeko sortu zen, eta 2019tik hainbat jarduera egin dituzte norabide horretan. Duela gutxi amaitu zen laugarren hika ikastaroa ere. Ingo Xonau! taldekoen ibilbidea ikusteko, sartu hemen.

Argazkian: EinGo taldekoak Oñatin, 2022ko Hika Egunean.