« Itzuli albistegira

Euskal Herriko I. Hikadromoa egingo dugu larunbatean, abenduaren 7an

2024-12-03  ¦  zirhika

Badiharduguk koordinatzen duen eta Euskal Herriko hainbat tokitako hika eragileek osatzen dugun ZirHika taldeak Hikadromoa antolatu du larunbaterako, Durangoko Azokaren egitarauaren barruan, Durangoko Landako ikastetxean. Euskal Herriko hikazaleei parte hartzeko deia egiten diegu, elkarrekin hika egiteko, ondo pasatzeko eta hitanoa bizirik dagoela erakusteko.

Larunbatean, abenduaren 7an, arratsaldeko 16:00etan, Hikadromoa egingo dugu Landako ikastetxean, Durangoko azokaren kale berean. Hitanoa biziberritu asmoz sortu den ZirHika taldeak antolatu du, hika hitz egiteko eta ondo pasatzeko helburuarekin. Aurtengo Durangoko azokako nobedadeetako bat izango da. Durango euskalzaleen bilgunea izaten da urtero eta aurten hikalarien bilgune izatea ere nahi dugu. Hika dakitenak eta ikasten ari direnak, guztiak daude gonbidatuta. Euskalkian zein batuan, bakoitzak berean egiteko aukera izango du.

Bagera euskara elkarteak gidatuko du Hikadromoa. Horretarako, laukoteak osatuko dira, elkarrekin hika aritzeko, eta 15 minutuero aldatuko dira taldeak eta gaia. Izena emateko, hementxe duzue on-line formularioa. Telefonoz ere eman daiteke izena: 943121775 / 652750947. Anima hadi!

ZirHika taldea Euskal Herriko hainbat tokitako hika eragileek osatzen dugu. Badihardugu euskara elkarteak koordinatzen du. Iaz Euskal Herriko I. Hika Topaketa antolatu genuen Oñatin (Badiharduguk, UEUk eta Oñatiko Udalak, elkarlanean) eta handik sortu da, elkar ezagutu, indarrak batu eta hitanoa bultzatzeko asmoz. Hikadromoa izan da Zirhika taldearen baitan antolatu dugun lehen jarduera eta, horretarako, hainbat bidelagun izan ditugu: Bagera, Praktikatu AEK eta Gerediaga, besteak beste.

Durangoko azokan hitanoarekin lotutako beste jarduera batzuk ere egongo dira: abenduaren 6an, 19:20an hasita, bi hitzaldi izango dira areto nagusian. Lehenengo, Badiharduguko kideok hika ikasteko Appa Hi! aplikazioaren bertsio berriak eta hika.ahotsak.eus webgunea aurkeztuko ditugu. Ondoren, Fernando Oiartzunek Leitzako hiketa izango du hizpide: grabazioak sarean nola kontsultatu. Abenduaren 7an, berriz, mahainguru bat egongo da, 11:30ean Durangoko museoan: Hik eta biok, Deustuko unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak antolatuta.