« Itzuli albistegira

Herriko esamoldeekin osatutako karta-jokoa aurkeztu dugu Oñatin

2025-03-12  ¦  euskalkia

Atzo goizean, herriko esamoldeak ezagutzera emateko prestatu dugun karta-jokoa aurkeztu genuen Oñatiko udaletxean. Badiharduguko kide Idoia Etxeberriak prestatu du edukia eta Mirari Sagarzazu oñatiarrak egin ditu irudiak. Oñatiko Udalak kaleratu du.

Oñatiko euskara era jolasgarrian lantzeko asmoz, herriko esamoldeen inguruko karta-jokoa kaleratu du Oñatiko Udalak. Atzo goizean aurkeztu zuten udaletxeko pleno aretoan. Badiharduguko Idoia Etxeberria izan da karta-jokoaren edukia gertatzeaz arduratu dena eta, irudiak sortzeaz eta karten diseinuaz, berriz, Mirari Sagarzazu marrazkilari oñatiarra arduratu da. 42 karta dira guztira, erakargarriak eta koloretsuak, eta 42 esamolde jasotzen dituzte. Karta-jokoa ikastetxeetan zein etxean erabiltzeko modukoa da. 300 karta-joko atera dituzte guztira. Batzuk ikastetxeetan banatuko dituzte eta salgai ere jarri dituzte, 10 eurotan, Turismo Bulegoan eta Txokolaterixan.

Oñatiko esamoldeen karta-jokoa herritar guztiei begira prestatuta dago, belaunaldien arteko transmisioan eragiteko helburuarekin. Mahai-bueltan elkartzea da ideia, mugikorrari begira egon gabe. "Karta-jokoaren aitzakian, sarritan beste hainbat esamolde ere ikasiko dituzte gaztetxoek, etxe bakoitzean erabiltzen direnak", azaldu zuten atzo goizean. Bi modutara jokatu daiteke: koloreka eta zenbakika. Karta bakoitzean azalpena eta adibideak datoz eta baita esamoldeari buruzko galdera bat ere; karta lortu ahal izateko, beharrezkoa da galderari zuzen erantzutea. "Karta gehien lortzen dituenak irabaziko du".

Karta-jokoa gertatzeko, Oñatiko euskararen inguruan egin diren lanak hartu ditu oinarri gisa Etxeberriak, aurretik lan handia egin baita herriko berbeta aztertzeko. Roberto Altunaren laguntza eta hainbat adituren aholkularitza ere izan du, Jerardo Elortza tarteko.

Badihardugu euskara elkarteak eta Oñatio Udalak urteak daramatzate Oñatiko ahozko ondarea biltzen eta hedatzen. Hainbat lan-ildo landu dituzte elkarrekin: azken urteetan hitanoa -bereziki noka- bultzatzeko lanetan ere ari dira, Ingo Xonau! herri ekimenaren bitartez. Oñatiera Ikasgelan proiektuaren barruan, berriz, dagoeneko herriko ikastetxeetan erabiltzen ari diren 30 fitxa prestatu dituzte.