« Itzuli albistegira

Bizkaiko lehenengo Appa hi! bertsioa aurkeztu dugu, Ermuan

2025-06-19  ¦  hitanoa

Hika ikasi eta praktikatzeko Appa hi! aplikazioaren Ermuko bertsioa aurkeztu genuen atzo Ermuko Lobiano Kultur Gunean. Ermua izan da Appa hi! aplikazioa garatu duen Bizkaiko lehen herria. Ermuko Udalak bultzatu du proiektua.

2021ean Appa hi! aplikazioaren lehen bertsioa sortu zenetik euskara batuko atala eta beste hainbat herritako bertsioak gehitu zaizkio aplikazioari. Atzo, Ermuko Udalarekin elkarlanean, Ermuko Appa hi! bertsioa aurkeztu zen, Bizkaiko lehenengoa, hain zuzen ere.

Appa hi! aplikazioaren helburua 5 astean hika hitz egin ahal izateko oinarria jasotzea da. 35 egunean, egunero ikasgai bat irekitzen da eta informazio zehatz bat ematen da: azalpenak, marrazkiak -Mirari Sagarzazu marrazkilariarenak- eta audioak edo bideoak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, biharamunean beste ikasgai bat egiteko aukera izango du erabiltzaileak. Bestela, berriro saiatu daiteke, partida guztiak zuzen erantzun arte. Astearen amaieran errepasorako ikasgai bat egongo da, eta bertako galdera guztiak zuzen erantzunez gero, mailaz igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua. Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, azkarrenak, bost astean lortuko du Ermuko hika (edo aukeratzen den herrikoa) ikastea.

Ermuko bertsioa osatzeko, Fernando Aranbarri filologo eta euskara teknikariak 1996an kaleratu zuen Ermua eta Eitzako euskara liburua hartu da oinarritzat. Zuzenketak egiteko orduan, Estibalitz Gonzalez Euskal Birusa Elkarteko kide eta Drogetenitturri aldizkariko arduradunak ere parte hartu du, Aranberrirekin batera. Aplikazioko ikasgaietan hainbat adibide, bineta, audio, bideo... txertatu dira, ikasitakoaren lagungarri. Fernando Aranberrik Ermuko euskara jasotzeko egindako grabazioetatik adibideak atera eta audio gisa txertatu dira aplikazioan, transkripzioez lagunduta. Bideoak osatzeko, berriz, Ahotsak.eus-eko testigantzak erabili dira, horietako gehienak Estibalitz Gonzalezek berak jasoak.