« Itzuli albistegira

II. Hika Topaketan izena emateko azken egunak

2025-10-31  ¦  hitanoa

Azaroaren 8an II. Hika Topaketa egingo da Markina-Xemeinen. Igande honetan Koldo Zuazok hitzaldia emango du Etxebarrian, Topaketaren atariko gisa.

ZirHika taldeak, Badihardugu euskara elkartearekin eta UEUrekin elkarlanean, Euskal Herriko II. Hika Topaketa antolatu du azaroaren 8rako Markina-Xemeinen. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Izen-ematea zabalik dago oraindik eta Euskal Herri osoko hika eragileak animatu nahi dituzte topaketan parte hartzera.

Topaketaren atariko gisa, igande honetan, azaroaren 2an, Koldo Zuazok hitanoaren inguruko hitzaldia emango du Etxebarrian, eguerdiko 12:00etan, Kultura aretoan: Ezton/baidon eta eztok/baidok: gaurkotasuna eta balioa. Garbiñe Idoeta irakasle markinarrak ere parte hartuko du hitzaldian. Sarrera doan izango da.

Etxebarrian giroa berotu ostean, datorren larunbatean, azaroaren 8an II. Hika Topaketa egingo da Markina-Xemeinen. Euskal Herriko hika eragileak batzea da Topaketaren helburua, elkarrekin hausnartzeko eta lankidetzarako bideak bilatzeko.

Oñatin egin zen I. Hika Topaketa 2023an, eta hika eragileek elkar ezagutzeko abiapuntua izan zen. Topaketa horren ostean Euskal Herri osoko eragileek osatu zuten ZirHika taldea izan da, hain zuzen ere, bigarren topaketa antolatu duena.

Egun osoko egitaraua izango da. Goizean bi mahai-inguru egingo dira: lehenbizikoan, hitanoa bultzatzeko esperientzia desberdinak azalduko dituzte; bigarrenean, berriz, hitanoak irratian duen presentziaz arituko dira. Arratsaldean, lan-mahaietan, hiru gai nagusiren inguruan hausnartuko dute bertaratutakoek. Lan-topaketa izango denez, parte-hartzaile kopurua mugatua da. Hala ere, 80 lagun inguru elkartzea da asmoa, hitanoa bultzatzen ari diren eragileak guztiak ere: euskara elkarteetako kideak, hika irakasleak, euskara teknikariak, ikerlariak... Arratsaldeko talde dinamika Farapi kooperatibako kideek gidatuko dute.

Topaketa amaitu ostean, 18:30ean, hika bertso saioa egongo da Markina-Xemeingo Kontzejupean, lau bertsolarirekin: Ainhoa Agirreazaldegi, Miren Amuriza, Amets Arzallus eta Aner Peritz. Saioa doan izango da eta herritar guztientzat irekita dago.