Gaurtik abenduaren 8ra bitartean Durangoko azokan egongo gara
2025-12-05 ¦ argitalpenak
Gaur zabalduko ditu ateak 60. Durangoko Azokak eta bertan izango gara aurten ere. Artekale 062an aurkituko duzu Ahotsak.eus-Badihardugu stand-a. Bisitatu gaitzazu!
Abenduaren 5etik 8ra izango ditu ateak zabalik 60. Durangoko Azokak. Badiharduguk aurten ere standa izango du bertan, Artekale 062an, hain zuzen ere. Urtero legez, batez ere euskalkiekin lotutako Euskal Herri osoko materiala eskuratzeko aukera egongo da: Eibarko euskararen inguruko zenbait lan, Urretxu eta Zumarragako euskara, Elgoibarko euskara, Oñatiko euskeria, adinekoen zaintzaileentzako prestatutako gaztelania-euskara liburuxkak (Azkoitiko Esaizu euskeraz eta Oñatiko Esaiozu euskeraz!), 1940-1980 urteen bitarteko Bergarako euskalgintzaren historia soziala jasotzen duen Izotz ondoko eguzki liburua... Eta aurtengo nobedadeen artean Oñatiko esamoldeekin sortutako karta-jokoa eta Arantzazu Sagarzazuren Atzo, etzi ere bai, besteak beste.
Berrikuntza moduan, aurtengoan hika biziberritzeko lanean ari den Zirhika taldeari lekutxo bat egin diogu stand-ean eta hitanoaren txokoa ere prestatu dugu. Hainbat herritan kaleratu diren poltsikoko liburuxkak eta txuletak aurkitu daitezke bertan (Oñati, Usurbil, Oiartzun, Durangaldea, Eibar, Arrasate eta Azkoitia) eta bestelako materiala ere bai: Xabier Azkuek prestatutako Hitanoa Zumaian, Ritxi Lizartzak prestatutako Hitanoa. Mintza hadi, Lagun! eta Fernando Oiartzunek Leitzako hitanoari buruz egindako Toka eta hika. Noka ere toka lanak, besteak beste.
Gainera, hitanoaren erabilera bultzatu asmoz, biharko (larunbata, abenduak 6), Euskal Herriko II. Hikadromoa antolatu du Durangoko Landako ikastetxean ZirHika taldeak. Hemen aurkituko duzue horren inguruko informazio gehiago.



